Ez naiz ni estatistikatan edota txostenetan buru-belarri sartzen den pertsona mota, baina izan ohi dut han-hemenka galdetzeko eta zenbait datu orokorren bila aritzeko joera tarteka. Hau baliatuz, lehen aipatutako galdera horien argazki orokor bat egiten saiatuko naiz aurkitu ditudan datuen bidez. Iturri hauek erabili ditu batik bat manexak artikulu hau elikatzeko: VII. Inkesta Soziolinguistikoa (egindako azkena —2023—), INSEE (Institut National de Statistique et des Etudes Economiques), EKE (Euskal Kultur Erakundea), Areq.net, Communaute-paysbasque.fr, eta Lasoule-leguide.fr. Hasi aurretik esan dezadan Zuberoari buruzko datu onak lortzea ez dela batere langintza erraza. Batetik, iruditzen zait datutegi frantsesetan oso leku gutxi duela Zuberoak, seguru asko bertako biztanleriaren oso zati txikia delako. Bestetik, euskal inkesta soziologikoa, lastima da, baina Zuberoako datuak Behe Nafarroakoekin bat eginda ematen dira.
15.900 biztanle zituen Zuberoak 2009. urtean eta 12.500 2023an. Nik aurkitu dudan biztanleria datu handiena 1901. urtekoa da: 23.803. Oso gutxi populatutako inguru bati buruz ari gara beraz: 17 biztanle/km2. Datu hauek erakusten dute Soule-Xiberoa interkomunalitatearen biztanleria pixkanaka jaisten ari dela azken urteetan, nahiz eta Zuberoak hegoaldeak baino jaiotza tasa pixka bat handiagoa duen. Hala ere, jaitsiera hau ez da oso handia izan, eta biztanle‑kopurua 12.000–12.500 inguruan egon da azken urteetan. Zuberoako biztanleriaren ezaugarri nagusienetakoa, beronen zahartzea da zalantzarik gabe. Pyrénées‑Atlantiques (Zuberoa honen barne dago) erakundeak honako biztanleria ehunekoak ematen ditu departamentu honetan: 0‑14 urtekoak % 15,5, 15‑64 urtekoak % 61,3, eta +65 % 23,2. Estimazio bat egin dezakegu, baina Zuberoa ez denez departamendu osoa, ezin daiteke zuzenean aplikatu, jakina.
Zubereraren erabilerari buruzko datuak askoz lausoagoak dira. Orokorrean, euskararen erabilerak behera egin du Zuberoan. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera badirudi biztanleriaren % 50 inguru euskalduna dela. Azken urteetako joeraren arabera (adin tarteari dagokionez) 65 urtetik gorako jendeak erabiltzen du gehien egunerokoan, eta honek kezka bat dakar jakina: euskaldun kopuruaren eta ehunekoaren beheratzea, gehien bat belaunaldi zaharrenetako hiztunen galtzearen ondorioz etorri da. Badirudi euskaraz hitz egin edo ulertu dezaketen proportzioa % 60 bueltan dagoela gaur egun, eta bi gurasoak euskaldunak dituzten etxeen % 86k euskara transmititzen duela. Beste % 14 horren errealitatea bitxia zait benetan. Inkesta Soziologikoan aurkitu dudan datu batek kezka dezente sortu dit: euskararen erabilera sustatzearen aldeko jarrera 3,2 puntuz jaitsi da Zuberoan. Aldiz, ez alde ez aurka direnen proportzioak gora egin du.
Gazte-jende gehiengo baten errealitateak kezka sortzen du aspaldion Zuberoan. Bazter askotan entzun ditu manexak bi kezka edo kexa hauek. Gazteen askoren deslotura euskara mintzatzearekiko, eta Zuberoa utzi beharra ikasketa, lan edota bizi-aukera arrazoiak tarteko.
«Murgiltze ereduan edo elebidunean eskolatu diren ikasleen kopurua emendatuz joan da»
Baina ezin margotuko dut dena beltz. Izan ere, lehen mailan, kolegioan edo lizeoan, 2016-2023 urteetan, murgiltze ereduan edo elebidunean eskolatu diren ikasleen kopurua emendatuz joan da; alegia, biharko egunean euskal hiztun gaitu gehiago izango du Zuberoak.
Badira positibo izateko arrazoiak, eta hauei lotu beharrean gara halabeharrez! Gero eta ikasle gehiago dute ikastolek, eta ondorioz, euskararen bueltako ekintzak eta gertakariak nahiko osasuntsu sumatzen dira kanpo-begirada batetik: sosak biltzeko jaialdiak eta emanaldiak, dantza eta antzerki eskolak, kantu txapelketak, Bertsulari Gazteen Xapelgoa, maskaradak, Xiberoko Botza beste behin ere berritzea… Ea bada zenbat garen urte batzuen buruan. 4, 1, 3, 5, 7…