Asetzen oso zaila zaidan musika-gose honetan aspaldi pausatu zen nire belarria Zuberoan; eta zuenean ere bai ziur aski. Zenbatetan esan dugu sekulako pagotxa dela zuberotarrak kantuan entzutea? Zenbat zirrara sortu dute Bereterretxeren kantoria, Eperrak, Matalaz, Baratze bat, Aire delizius huntan, oi ama eskual herri, Ederlezi edo Atharratzeko gazteluko kantoria bezalako kantuek? Jakina, gauzak ez dira soilik ausaz ematen munduan…
Batetik, tradizioa edota transmisioa aipatuko nuke. Eta transmisioa ez da izate estralurtar bat; transmititzeko jakin egin behar da eta jakiteko ikasi egin behar da. Musika interesgarri bat joko du ikasi duenak, eta honek egingo du musika erakargarri edertasuna eta atsegina transmititzen duen heinean; zer bat sumatzen denean. Zuberoak nortasun kultural, linguistiko eta musikal nabarmena du, eta ahozko tradizio bereziki aberatsa mantentzen du, bere praktika komunitarioen errotze sendoari esker iraun duena. Testuinguru horretan, herri-musikak funtsezko zeregin bat betetzen du talde-identitatearen eraketan eta tokiko balio, narratiba eta belaunaldi arteko iruditeri transmisioan.
Ausartzen naiz esaten Zuberoako musika tradizionala kantuaren inguruan egituratzen dela batez ere, izaera narratibo eta epikoa duten abestietatik hasi eta erlijio, natura, maitasun, eta lan-kantuetara arte. Oro har zubereraz interpretatuak, pieza hauen ezaugarri nagusiak egitura modala eta aberastasun polifonikoa dira. Esango nuke honetan bereizten dela nabarmen beste euskal musika tradizio batzuetatik. Ahozkotasuna izan da errepertorio hau kontserbatzeko eta zabaltzeko bide nagusia, eta gaur egun ere bizirik jarraitzen du euskal ospakizunen, kultura-topaketen eta antzerki eta bestelako emanaldien esparruan. Tradizioaren haritik eta musika eszena esparruan, bi adierazpen nabarmentzen dira zuberotar gizartean eta ondarean duten garrantziagatik: Pastorala eta Maskarada jokoak. Pastorala herri-antzerki abestu forma bat da, komunitateko kideek landan antzezten dutena. Bere egiturak kantua, dantza eta errezitazioa uztartzen ditu, eta gertakari historiko, etnografiko sozial edo politikoei (zentzurik zabalenean) heldu ohi die, izaera didaktiko eta sinboliko nabarmenarekin. Dimentsio musikala funtsezkoa da, errepresentazioaren erritmoa markatzen eta erritu solemnitatea indartzen duelako.
Maskaradak ikusi badituzu ondo dakizu goizetik ilunabarra arte musikak ez duela etenik. Ostatu atarian talde bat kantuan ariko da, txirulak egun osoz kantatuko du barikadatan, joko ia guztietan musika jotzen da... Testuinguru horretan, musika etengabea eta interaktiboa da, eta dantzak zein antzerki-eszenak laguntzen ditu. Erabilitako instrumentu tradizionalen artean txirula (hiru zuloko txirula) eta ttun-ttuna (hari-danborra) nabarmentzen dira, nahiz eta azken hamarkadatan instrumentu modernoagoak ere sartu diren, hala nola akordeoia, biolina, gitarra apala, gitarra…
«Nola bestela uler daiteke itxura batean lermatzen edo urritzen ari den 'euskal Zuberoa' batean belaunaldi berriek musika-forma tradizional horiek zaintzeko eta biziberritzeko nabari duten gogoa?»
Manexak sarri entzun die bere ahaide zaharrei ereiteak uzta dakarrela. Nire sentsazioa da transmititzeak, itxuragabekeriarik gabe zinez sinistuz transmititzeak, uhara bat utzi dezakeela: egitearen, jardutearen, konpartitzearen, saiatzearen, erratzearen, doan ematearen, dibertitzearen eta abarren plazera behintzat bai! Nola bestela uler daiteke itxura batean lermatzen edo urritzen ari den euskal Zuberoa batean belaunaldi berriek musika-forma tradizional horiek zaintzeko eta biziberritzeko nabari duten gogoa? Nazioartean musika modernoa jotzen ari diren gazteak, sosik eskatu gabe, herriko ekitaldietan ere ikusten dira, ikastoletan argitaratzen diren diskoetan parte hartzen dute, pastoraletan, maskaradatan…
Ea bada guk ere asmatzen dugun langintza hauetan. Festak ate joka ditugu eta ea gai garen kimu gazteei gozamen eta plazer pixka bat transmititzen euskal musikatik. Uda on!