XIBERUTIK

Dantzaz (I.)

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Atxega 2025ko mar. 24a, 07:57

Zamalzaina Ainhizen. A.A.

Manexak ez ditu bereziki oin bizkorrak, eta horregatik-edo, dantzak ez ditu bereganatzen bere zentzumenak musikak adina. Baina jakitun naiz dantzak sekulako garrantzia duela Zuberoan. Jaialdi mota asko da Zuberoan: kabalkadak, maskaradak, pastoralak, ikastolen aldeko bestak…

Baina dantzarik gabekoak oso gutxi. Dantzak Zuberoan duen estatusa edo dimentsioa kontuan hartuta, bi zatitan kontatzen saiatzea deliberatu dut, bi artikulutan. Ez manexak asko dakielako dantzaz baizik eta gauza handia delako dantza Zuberoan.

Mendeetan zehar, dantzak eboluzionatu egin dira aldaketa sozial eta kulturaletara egokituz, baina beti tokiko nortasunarekin lotura sendoa mantenduz. Zuberoako dantza ez da adierazpen artistikoa bakarrik, memoria kolektiborako eta kohesio sozialerako bidea ere bada.

2018ko Gotaineko maskaradak. AITOR ATXEGA

 

Badirudi Zuberoako dantzek erritual eta ospakizun komunitariotan dituztela jatorri eta iturburuak —luzeago azalduko ditut hauek bigarren atalean—. Dantza hauek nekazaritza eta erlijiozko ospakizunekin lotzen ziren, izaera sozialekoekin bezalaxe. Komunitateek hainbat gauza ospatzen zituzten: uztak, zaindari jaiak, ezkontzak, agurrak, auzolanak etab. Hauetan, funtsezko papera zuen dantzak talde nortasunari eta adierazpen kulturalari dagokionean.

Zuberoan dantza mota dezente ikus ditzake so egiten dakienak; bakoitza bere esanahi eta testuinguruarekin jakina. Beharbada aipagarrienak bikote-dantzak dira; hauek «alaiak eta festazaleak» direla esan daiteke. Bestetik talde-dantzak; partaidetza kolektiboa sustatzen dutenak argi eta garbi. Bigarren dantza hauek dira ia beti irudikatzen ditugunak Zuberoa aipatzean. Dantza edo jauzi hauek dantzatu izan ditugu euskal jaietan, maskaradatan, pastoraletan, etab. Dantza hauek herriko plazatan dantzatzen dira biribilean, denak batera. Dantza tradizionalak zuzeneko musikarekin ematen dira leku guztietan bezalaxe. Denboran atzera eginda beste tresna batzuk entzuten baziren ere, gaur egun txirula, ttunttuna eta danborra dira zalantzarik gabe gehien erabiltzen diren musika tresnak.

Euskal Herriko beste eskualde batzuetatik eta Frantziatik (Europatik) hurbil egoteak hainbat kultura truke ahalbidetu du, eta horrek eragina izan du dantza estilo eta teknikatan. Eragin denak ez dira isilean edo oharkabean pasa; batzuek sutsu txalotu eta defenditu dituzte aire berriak baina garbizalekeriek eta hauen harrabotsek ere izan dute beraien lekua. Eragin horiek gorabehera, Zuberoako biztanleek nortasun zentzu sendo bat erakutsi dute dantza tradizionalak zaindu eta mainatzerako orduan.

Biziberritze eta modernizatze bat izan zen Zuberoako dantza tradizionalean XX. mendean, nolabaiteko pizkunde bat. Dantza-taldeak eta kultura-elkarteak eratu eta hedatu ziren han-hemenka Zuberoako tradizioa zaintzeko eta sustatzeko helburuarekin. Indartze mugimendu honek, dantzak bizirik mantentzea ez ezik, garai modernoagotara egokitzea ere bilatzen zuen, elementu garaikideak erantsiz bere esentzia galdu gabe.

«Herri batean dantzari onak direnean, herri horrek ospe handia izaten du Zuberoan»

Gehitxo esatea izango da Zuberoako bizitza kulturalaren aspektu nagusiena dantza dela, baina herri batean dantzari onak direnean, herri horrek ospe handia izaten du Zuberoan, harrotasun bat izaten da herri horretan: herri bat handi da dantzari onak baditu, maskarada-joko onik ez dago dantzari onik gabe… Bada esaera edo nolabaiteko ateraldi bat Zuberoan, askotan entzungo duzuna: «Herri denek dute dantza eskola bat Zuberoan». Batzuk bizkorrago, besteek arinago, besteek geldoago… baina pertsona orok daki dantza egiten Zuberoan! Haur, gazte edo aitona-amonak dantzan ikusiko dituzu Zuberoan besta orotan. Zuberoan dantza ez da soilik entretenitzeko modu bat, baizik eta identitate kulturala eta komunitatea indartzeko bitarteko bat ere bada.

Bigarren atalean dantzarekin lotura zehatzagoak dituen kontuak aipatuko ditut, baina bitartean, gustu baduzu, bisita ezazu Dantzan.eus.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!