Zuberoa, frantsesez Soule, Ipar Euskal Herriko ekialdean eta Pirinioekin mugan kokatua dago. Xiberoaren izaera bereizgarria, bere oinorde kulturalaren aberastasunean islatzen da manexaren begientzat. Miaka hasten bazara idatzi eta ikerketa askorekin topatuko zara, eta irakurriko duzu, Zuberoako etnografia estu lotzen dela bertako nekazaritza-jarduerekin eta hizkuntzarekin —euskara zuberotarra—. Gauza bera direla esango nuke Zuberoako bizi-sistema, Lurra eta mendia.
«Komunitate zentzu sakon batek eta euskal nortasunean errotutako ohiturek pisu eta garrantzi itzela dute Xiberoan»
Komunitate zentzu sakon batek eta euskal nortasunean errotutako ohiturek pisu eta garrantzi itzela dute Xiberoan. Iraganarekin lotura oso estua duten praktika, tradizio eta gertaeraz betea da Zuberoako urteko egutegia. Zuberoako kulturaren elementu nabarmenetako bat bere giza eta familia/leinu egitura da seguru asko. Familia bizitzaren erdigunea dira etxaldeak, eta espazio fisikoa bera ez ezik, belaunaldiz belaunaldi pasatzen den ondare bat ere irudikatzen dute; etxaldeak eta abizenak eskutik helduta ageri dira Zuberoan.
Oso argi islatzen da komunitate izaera jai eta ospakizunetan. Herrian eta taldean sorturiko dantza, musika eta antzerki-emanaldi asko izaten da: maskaradak, pastoralak, kantuak eta kabalkadak dira ezagunenak segur aski. Ekitaldi hauek naturarekin eta eskualdeko eguneroko jarduerekin lotuta egon ohi dira ia erabat. Tradizio errotu eta erakargarrienetako bat kantu polifonikoa da; ia jaialdi guztietan oihartzuna duena eta belaunaldiz belaunaldiko ahozko transmisioari esker osasuntsu bizirik mantendu dena.
Dantzak sekulako garrantzia du Zuberoan eta urte osoan ikus daitezke. Maskaradak neguan egiten dira; gutxi gehiago, antzerkia dela esan dezakegu. Eskualdean kostunbrismoak duen errotzearen lekuko bizi-biziak dira biak. Antzezpen horietan, pertsonaiek herriko figurak irudikatzen dituzte, eta ordena eta desordena sinbolizatzen dituzte; bizitza soziala eta komunitatearen barne-tentsioak islatzeko eta berrinterpretatzeko paregabeko gaitasuna dute.
Baserri mundua da Zuberoako bizitzaren bizkarrezur eta ardatz. Bertaratzen zarelarik, nekazaritza eta artzaintza ez den askorik ez duzu sumatuko. Artzaintza da eskualdeko jarduera arrunt, deigarri edo entzutetsuena. Udan artaldeak mendiko larreetara eramaten dira eta neguan haranera itzuli. Esnea eta gazta ekoizteko ardien hazkuntzaren garrantziaren adierazgarri, Ossau-Iraty gasna duzu; gazta zale askoren iritziz paregabeko zaporedun gasna. Artzain-kulturak ez du bizirauteko ekonomia-eredu bat bakarrik islatzen Zuberoan, denbora eta espazioa ulertzeko modu bat ere islatzen du, hiri-dinamikatatik bereizten dena. Artzain bat bada nor Zuberoan…
Zuberoako bizimodua asko eguneratu bada ere, antzinako praktika askok bizirik diraute, komunitateak bere sustraiei eusteko egindako ahaleginei esker. Baina erronka handien aurrean ere badago Zuberoa. Herriak husten ari dira eta jendartearen adina etengabe igotzen. Gazteen hautua hiria den heinean, kezka garaikideak ari dira iristen Zuberoara.
Laburbilduz, Zuberoa oso paraje eder eta erakargarri bat dela esango nuke; txikia, kuriosoa, baketsua, doia, bitxia, zaindua, garbia… Modernitatearen aldaketen eraginpean egon arren, bailara, larre eta herri-jai bakoitzean, oihartzuna duen antzinako ondare-hats bat arnasten da ematen den pauso bakoitzean. Baditu kezkatzeko arazoak jakina: euskararen erabilpena, gazteria, eskuindar bozka… Bizia den eta eraldatzen ari den herri orok bezalaxe maleruski!
Hau irakurri baduzu, seguru asko izango duzu Zuberoaren berri; horrela ez bada, zoaz... Segur aski haboro plazer ükanen düzü.