XIBERUTIK

Jondane Johana (edo udaburuko suak)

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Atxega 2024ko uzt. 6a, 07:57

Jondane Johaneko dantza. A.A.

Guretik oso gertu dagoela badakigu noski, lurtarrak direla badakigu, baina badu Zuberoak zerbait, badu guretzat berezi eta xarmant bilakatzen duen zerbait. Eta denbora asko pasa du manexak zerbait hori adieraziko duen hitz baten bila, baina… Badu ni luzaroan harritzeko gordetzen duen gaitasun bat. Xabier Letek esan zuen bezala, «hori ukatziak zentzurik ez luke». Beharbada soiltasuna da, txikitasuna…

Manexa gogoratu da Zuberoan bizirik dela oso esperientzia polit bat azken hogei urte hauetan; ohiko lez espantu gutxirekin baina sineste eta gogo handiarekin. Honen gainean hitz egiteko Mixek Etxekoparrekin izan naiz.

2024ko ekainaren 23a. Suak piztu ziren Zuberoako mendietan, bai eta Nafarroa Beherekoetan ere. Hauxe izan da zer-nola antolatzen duten galderari emandako arrapostua. Dotorea! Zer ordutan? «Iluntzean, ttanko!». Zergatik? «Inutila delako, beraz guri beharrezko». Zertarako? «Argitzeko, berotzeko, komunikatzeko, ekiaren gorenaren ospatzeko, itxaropen zerbait atxikitzeko ere… Datorrena itzul dakigun. Hona suak piztu ziren herri eta mendien izenak, litekeena delako mendi berriren bat azaltzea norberaren unibertsoan. Larraine: Betzula. Etxebarre: Zalhagaine. Mendikota: Galharraga. Barkoxe: Ahargo. Eskiula: Mandelü. Gotaine: Xardeka. Sohüta: Gaztelaia. Urruxtoi-Larrabile: Gaztelütxaga. Urdiñarbe: San Gregori. Muskildi: San Antoni. Ainharbe: Lapitzaga. Maule: Hitaborda. Ozaze: Methatia Amikuze: Zoihartze. Gamarte: Artikita. Hozta: Orgamendi».

2001. urtean piztu zen ideia. Lagun batzuk su bat piztu zuten, eta dantza eta kanta gozatu eder bat sentitu zutelarik, ideia zabaltzen hasi ziren. Ideiak aurrera egin du urteetan eta oso ohitura polita ari da bilakatzen. Mixel Etxekoparrek kantu bat egin zuen eta berau kantatzen eta dantzatzen da muino guztietan. Eta, Maule inguruetan, Nicole Lougarot ibili zela hasieratan dantza erakusten. Geroztik urtero komunikatzen dira suarekin, mendiz mendi, protohistorian egiten zuten bezala; ez omen dute horretan deus asmatu, baina bai berpiztu! Hona hemen kantua.

Jondane Johaneko dantza

 Hitzak: Mixel Etxekopar (2001)

Musika herrikoia M.E.k dantzari paratua

 

Urteak jin eta bihikatzen bata bestea(re)n ordari

Ihautez pizturik su berria eki begia beilari

 

Exker negua esküin argia

Jauzi aitzina dantzari

Doblez itzuli eskuak utzi

Pikaz ingura süari

 

Izarren hautsa zü Amalürra gaudenen bizi emaile

Argizagia eta ekia zure bi haurren sortzale

Exker negua…

 

Goren gorenik gure izarra xuri gorri argizale

Ekia gaü egünen egile zü denboraren jakile

Exker negua…

 

Beherapenaren aldia da gora dagon güziari

Üngürü üngürü urtaroak egünak zor dü gaüari

Exker negua…

 

Urratsak: Sinple kontrapasez X4 / Exker eskuin / Sinple doble Pika itzuliz

 

Youtuben Jondane Johane idazten baduzu kantua eta dantza ezagutuko dituzu.

Sua Galharragan. A.A.

Bota du manexak erronka bat; benetan polita gainera! Imajinatze hutsarekin zoragarria dela iruditzen zait. Gure herrietako muinoetara igo pare bat musika-tresnarekin, ilundu aurretik kontu batzuk esan, pixka bat kantatu eta afaldu. Ondoren, Euskal Herriko beste hainbat herriekin batera sua piztu eta Jondane Johane kantatu eta dantzatu.

Astegun gorria bada, jendea goizago jausten omen dela etxera dio Mixelek, eta astia dutenak han berantzen, aro goxoa balinbada hobe prefosta! Honela definitzen du berak gutxi gehiago gertakari hau. «Egin moldea sinplea da: denek dakite noiz den, autogestioa nagusi, batzuek supizgaiak hurbiltzen, 'xarnaterak'; batzuetan afari manera dago, errekiak eta guzi, gehienetan 'anhoa' partekatua… eta iluntzean bai lilura sortzen da, zeinek zein ikusi, zein berandu ibili… Batean musikari-kantariak, bestean dantzariak, berdin biak…». Dantza, soka-dantzen familiakoa da; eskuak emanik, katea eginez, suaren inguruan eta bota! Youtube behatuz aise ikasiko duzu, segur!

Batek daki… 2025ean mendiz mendi, kaskoz kasko, su bat ikusiko bagenu ekialdetik, nondik etorriko ote da? Para gaiten dantzari! Gartxot filma ikusi badugu, badakigu suak, dantzak eta kantua piztu zirela udaburu batez Nafarroako mendietan! Itzaltzuko bardoa bizirik da oraindik, zeren Gartxoten lagunek, zaraitzuarrek, urtero sua pizten dute, Xibero gainean, Larraineko Betzula deitu lekuan… Ea bada.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!