Azken aukera bat duzu aurtengo maskarada-eguna bizitzeko: bihar Pagolan. —Joango bazara egutegia begiratu badaezpada ere—. Aukera paregabea festa eder zein berezi bat ikusteko. Bihar sasoi bukaera dute; eta etzi jai!
«Azken aukera bat duzu aurtengo maskarada-eguna bizitzeko: bihar Pagolan»
Maskarada jokoak dantza du, musika du, hitza, oihua, gidoi bat… Bat-batekotik du, prestatu edota entseatutik ere bai… Lehen aldiz ikusten duenarentzat gertatzen dena ulertzea ez da gauzarik errazena gutxiagorik ere. Norbaiti ikustera joateko gogorik sortuko litzaiokeen kasurako, gaur, maskarada jokoen laburpen ttipi bat egitea pentsatu dut; eguna nola osatzen den kontatzea.
Maskarada jokoak goizean hasten dira. Goizeko eginkizun nagusiena barrikadak haustea da. Txorrotxek barrikadak non hautsi behar diren seinalatzen dute. Gorrien taldeko aitzindariek barrikadak hausteko dantzak ematen dituzte sekulako abilezia erakutsiz. Ondoren beltzen txanda iritsiko da. Hauek baldarrak dira, zakarrak, basak… Oihu artean ikusiko duzu beltzeria egun osoan zehar. «Uha, uha» oihukatzen dute etengabe eta ikusleria zirikatzen dute behin eta berriz; hitzetik hortzera darabilte aldrebeskeria eta gaiztakeria. Sekulako indarrez, salto eta bultza, barrikadaren beste alderaino iritsiko dira. Bukatzeko txorrotxak etorriko dira. Hauen koplek eta kantaera zoragarriak agurtuko du herria eta ikusleria, eta jan edanak eskertu. Txorrotxen kopla bukaerarekin hautsiko da barrikada. Hortik aitzin, denek bat egingo dute espazio sinboliko berean: herrian daudenek —errezibitzaileak— eta herrira etorri direnek —arizaleak—.
Bazkalostean ofizioak jokatzen dira. Dantzariak ikusiko dituzu hasteko, eta ondoren, kerestuen jokoa. Bearnesez jokatzen da joko hau. Dantza eta elkarrizketa bidez aritzen dira nagusia eta ikasle laguntzailea. Kereztuen jokoan Pitxuk parte hartzen du. Honek parte hartzen duenean bearnesez nahiz euskaraz hitz egingo dute, edo baita ere bi hizkuntzak nahastuz. Elkarrizketa hauek, inprobisatzen denean ere, «jakin samarrak» dira errotuta dagoen eredu bat erabiltzen da eta hein handi batean.
Txorrotxen arratsaldeko jokoan, jaunaren ezpata zorrozten da. Tarteka koplatzen dute, tarteka hitz egin, dantzatu ere bai… Azken urteetan garrantzia handia hartzen ari da joko honetarako propio asmatzen den kantua. Pitxuk parte hartzen du joko honetan ere.
Ofizio artean txorrotxek eta dantzariek hartzen dute parte. Lehenek ofizio denak aurkezten dituzte beraien kantaera paregabe eta ahots-jolas oso atsegin baten bidez, eta bigarrenek, Zuberoako dantzak ematen dituzte: gabota, bralea, godalet-dantza…
Ondoren buhame jaunaren pheredika edo sermoia entzungo duzu. Sermoi bera ematen da herri guztietan eta «munduko kontuak» aipatzen dira oro har. Joko hau ezpata dantza batekin bukatzen da; nahiko dantza basa edo aldrebes bat.
Jarraian kauteren sermoia entzungo duzu Kabana Nagusiaren ahotsean. Kauteren pheredika propio idazten da astero eta herri errezibitzaileari buruzko kontuak entzuten dira sermoi honetan. Umore, ironia eta baldarkeria asko ikusi eta entzungo duzu joko honetan. Kautera nagusiak, kabanak, azote bat eskuan, kauterak lanean mantendu nahi izaten ditu Jaunari bueltatu behar zaion pertza konpontzen. Joko honetan Pitxu hil eta honen testamentua irakurriko da. Bukaera aldera, medizina etorriko da eta berpiztu egingo du Pitxu. Irri ugari izaten da joko honetan.
Jokoak bukatzeko, azken kantoria ematen da plazan. Maskarada-sasoirako sortzen den kantu hau bizpahiru ahotsetan ematen da parte hartu duten guztien artean.
Badakizü beraz. Bihar düzü aurtenko maskarada sasuaren egünik handiena. Eia joaiteko inbeia piztü zaizünez...