XIBERUTIK

Ikaskoli.eus

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Atxega 2023ko aza. 18a, 11:00

Ikakoliko gurasoen taldeko argazkia. ATARIA

Ibili naiz zalantza batean oraingo honetan: honen gainean idatziko dut, beste hura aipatzea egokia izan daiteke… Begiratu dut gaur artean zeri buruz aritu naizen, eta gauza batek harritu nau amiñi bat: ez dut Zuberoari buruz, orokorrean, inoiz idatzi! Hori aukera bat zen, eta beste bat, hain garaikidea den sasoian, sasoikoari heltzea. Manexak gutxi baitu originaletik, bigarrena aukeratu du.

Ospakizun handiak izan dira aurten Zuberoa partean ikastolak direla-eta. Ikastola eta euskara esatea ia gauza bera da Zuberoan. Bi ikastola dira bertan: Eperra (Sohütakoa) eta Aloze (Basabürükoa). Eperra Ikastolak 50 urte bete ditu aurten, eta manexak aukera hau baliatu nahi izan du Ekaitz Mazustarekin biltzeko Maule-Lextarreko bazter batean. Ekaitz Mazusta, Eperra Ikastolako ikasle ohi, guraso eta Ikaskoli batzordeko partaide da.

Lehen esalditik dio hegoaldeko ikastola askoren antzera sortu zela Eperra: lokal ttipi bat, guraso-militantzia, desira, lana… Gogoan du Euskal Herriko bazter askotako elkartasuna izan zutela. Gaur egun Zuberoako ikastolen eskaintza 10-11 urterekin bukatzen da; euskaraz ikasten jarraitu nahi duenak Lartzabalera (Behe Nafarroa) joan beharra du. Hau ez da aukera erosoena, merkeena, gertukoena… Aitzitik, bi aldiz hausnartu beharrekoa.



75 ikasle dira Sohütan eta 35 Alozen. Denean bezala, Zuberoan ere gauzak aldatu egin dira, eta jende asko joan da hiriburura bizitzera. Ondorioz, lehen ez bezala, Sohütako Ikastolako ikasleria erdia Maulekoa da. Hori bai, mauletar denak ez dira Eperran eskolaratuak; batzuek nolabaiteko B eredu bat hautatzen dute (eskola elebidunak), eta beste batzuek zuzen-zuzenean eskola frantsesak hautatzen dituzte; berau da hautatuena Maule-Lextarren. Badu beraz oraindik zeregina euskararen erakarpenak…

Jarraian, sosa gaia azaldu da mahai gainean, gai astuna zalantzarik gabe paraje haietan. Hona hemen «nola sostengatzen da ikastola bat Zuberoan?» galderari, Ekaitz Mazustak emandako arrapostua: «Kostu handiena, irakasleen soldata, Seaskak bere gain hartzen du Hezkuntza Ministerioak onartzen dion diru-zamarekin, beste zati bat Seaskak ipintzen du berak dituen gaitasun edo baliabideekin, eta beste bat, oro har egoitzarekin zerikusia duena, ikastolak berak ipintzen du antolatzen eta sortzen dituen dinamika eta ekimenen bidez.

 

[Ikaskolin] Zuberoako laborarien kalitatezko mozkinak jasotzen dira, eta saski batzuetan ipini



Hauetako bat da Ikaskoli ekimena. Ekaitz Mazustak azaldu duenez, aurten broman-broman 20. urtea beteko duen ekimena da. Zuberoako laborarien kalitatezko mozkinak jasotzen dira, eta saski batzuetan ipini. Ondoren, Euskal Herri osoan zehar saltzen dira Eguberrien aurretik. Manexak maiz egin du eguberri-opari dotore hau! Azken urteetan 2.200 saski inguru ari omen dira saltzen. Bada zerbait! Ikaskoli.eus webgunea bisita dezakezue dinamika honen berri izateko.



Tolosaldea, Buruntzaldea eta Goierriko zenbait herritako lagun batzuek ekimen hau laguntzea erabaki genuen orain urte batzuk, jada urte mordo bat martxan daraman Usurbilgo taldearen babesean. Hasieran 600-700 euro biltzea lortzen genuen baina joan den urteko abenduan ia-ia 3.500 euro bildu genituen. Elkartasuna hitza aipatzen denean, Euskal Herria beti da nor!

Lerro hauek baliatu nahi ditu beraz manexak ekimen honen alde. Euskararen katea urra ez dadin, euskal hezkuntza geldi ez dadin, eta Zuberoako gurasoak abail ez daitezen, laguntza inoiz baino ongi etorriagoa izango da. Bi modutan eros ditzakezue Zuberoako produktu bikainez osaturiko saski hauek. Baga: Ikaskoli.eus webgunea horretarako ipinia dago propio. Biga: atxega@buhameak.eus  helbidean gustu handiz informatuko zaitugu laguntza-ekimen honen inguruan. Nahi izatera idatzi Tolosaldeko gure taldera, eta geuk ekarriko dizkizugu saskiak etxeraino. Eperra Ikastolak saski bat oparitu dio Ataria-ri eta honek zozkatu egingo du Eguberri aurretik. Erne izan eta baliatu aukera!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!