XIBERUTIK

Etxalde.eu

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Atxega 2023ko uzt. 2a, 07:58

Etxalderen lantaldea. ATARIA

Gazteen artean kezka sortzen duten gaiez aritzen delako, sona dezente duen programa bat ikusten hasi da manexa ETBn, iluntzean. Eguneko gaia? Gazteak eta etxebizitzak; gazteek gurasoen habiatik ateratzeko dituzten zailtasunak.

Betikoa entzuten hasi da manexa: bankuak, maileguak, prezioak, alokairuak, erosketa, gurasoak… Eta berehala nire baitatik, gehiegitan ateratzen den ohiko hotsa atera zen: Erdi Aroan hago oraindik, Euskadin. Gehiegitan entzuten dut zenbait egoera justifikatzen: horrela da, errealitatea hau da, ez dago besterik... Eskerrak orain mende batzuk hainbat pertsonek ez zuten horrela pentsatu, bestela, ez genuke izango hezkuntza publikorik, oraindik beltzak saltzen eta erosten ariko ginateke, emakumeek ez lukete bozkatuko, lan kontraturik ez genuke izango... Eskerrak behiala utopiak, iraultzak, borrokak edo dena delakoak izan diren.

Bokalean erosten ari diren apartamenduak. ATARIA

Eta nondik iritsi zaio manexari gai honekiko beste ikuspuntu bat? Nondik haize freskoa? Nondik beste errealitate baten berri? Zuberoatik prefosta! Etxalde.eu-ren lehendakariarekin izan naiz Gotainen, Beñat Etxebesterekin. Ia bi orduz hitz egindakoaren sena ekartzen saiatuko naiz.

Etxalderen aurkezpen hitzaldia, Bidarten. ATARIA

Elinor Ostrom (AEB 1933-2012) izan zen Ekonomia Nobel saria jaso zuen lehen emakumea 2009 urtean. Berak ikerketa bat egin zuen mundu osoan zehar eta honako ondorio hau atera zuen: salbuespen bat edo beste apartatuta, lehen, munduko ondasunak amankomunean ziren, botingoan.

Izpiritu edo inspirazio honetatik sortu zen Etxalde, gutxi gehiago, orain 15 urte, ikusirik jendeak diru asko ezartzen duela etxe bat ordaintzeko. Etxebestek dio sistema hau berria dela. Lehen etxeak familian pasatzen ziren, saldu gabe. Euskal Herrian bagenuen gizartea antolatzeko modu bat: eraikinak, lurrak, etab. ez ziren norbaitenak; familia batenak edo botingoan ziren. Herritarren artean gauzatzen zen antolaketa hau. Etxebesteren hitzetan Frantziako Iraultzak bultzatuta, Frantzia merkataritza batean sartu da azken bi mendeetan; saltzaile mundu bat sortu da, merkatu mundu bat. Hortik etorri da jabego pribatu indibiduala eta estatuak sudurra sartzea. Guraso batek seme-alaba bati etxea emateko legarrak sortu dira; saltzeko ez den kontu baterako ere.

Etxaldek saltzeko ez den jabego kolektibo bat sortu du. Hau ez da amets bat. Hau jada martxan dago.

Etxaldek saltzeko ez den jabego kolektibo bat sortu du. Hau ez da amets, helburu edo utopia bat. Hau jada martxan dago. Maulen erosi dira 6 apartamentu, 8 garaje eta lokal komertzial bat (Zinka ostatua). Aturriko bokalean 8 apartamentu erosten ari dira momentu honetan. Etxaldek erosi ezean, batek daki nongo nork eros dezakeen 3. edo 4. etxebizitza moduan. 1.300.000 euroren bila dabiltza. Erdia 5 urtean bueltatuko dute (egiturak funtzionatzen duen seinale). Saia nadin laburpen oso orokor bat egiten.

Etxalderen ondasun bat. ATARIA

Edozein pertsona egitura honen partaide izan daiteke 100 euro ipinita. Manexa ere partaide da. Diru batekin (banakoek aurreratuta, emanda, kide egin garenon diruarekin etab.) ondasunak erosi dira 15 urterako mailegu batekin. Edonor etxe batean biziko da eta taldean erabakiko dira erabilera-baldintzak. Ez merkatuak! Egitura honetako pertsonek (ez merkatuak) deliberatzen dute nork erabiliko duen ondasun hori. Ez, norena izango den!

Etxe hauetako bizizaleek hilero ordaintzen diote alokairu bat egiturari. Denen artean adostutako alokairu bat, eta ez merkatuak ipinitakoa. Diru honekin mailegua ordaintzen, eta ondasun berriak erosten ari dira. Bi erabilpen nagusi daude: gozamena eta jabego hutsa. Gozamena, oro har alokairu bat da. Jabetza erostea. Azalpenak luze dira hemen emateko. Ikus Etxalde.eu. Lehentasuna gertuen dagoen pertsona batek izango du beti eta prezioa elkarteak jarriko du. Norbait hiltzen delarik edo etxea uzten delarik, etxe hori egiturarena da zuzen-zuzenean; ez da zergarik ordaintzen ibili beharrik, izen aldaketarik… Ez da merkatura jausten! Zendutako seme-alabei etxea oso merke pasatzeko formula ere badu egiturak. Garai batean bezala, etxea erosten duenak ziurta dezake bere oinordekoentzako bizileku bat. Azken finean merkatutik eta espekulaziotik atera egiten da etxebizitza. Ordaintzen den guztia elkartearentzat da, sistema garatzeko. Tratu guztiak notarian sinatzen dira. Dirua ez da arazo, jendeak kontzeptu hau ulertzea da zailena. Inork ezin zaitu etxetik bota ez eta nahi adina igo hilero ordaindu beharrekoa. Etxebizitza hauek lehen etxebizitzak dira prefosta. Bertan bizi behar da. Muina edo zailena, zera da: ulertaraztea gure ondasunen jabegoak elkarrekin ipiniko bagenitu etxalde bezalako egituratan, jabego amankomunetan (behiala egin genuen bezala), etxebizitzen arazo guztiei erantzuteko giltzak izango genituzkeela.

Izan kuxkuxero eta bisita ezazu webgunea. Hau gertatzen ari da! Eta oso prest daude zure herrira azalpenak ematera etortzeko. Probestu! Ez jabe, ez alokatzaile. Denak biztanle!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!