Urte batzuk lehenago bazebilen sentsazio bat maskarada jokoen inguruan: buhameak ez zirela ongi tratatuak, edo arrazakeria handia zebilela hauen inguruan. Inarroste edo astintze honen atzean Nicole Lougarot (Gotaine, Zuberoa, 1963) ibili dela esan dezakegu zalantzarik gabe. Lougarot andereak maskarada jokoak ikustera joan eta atsekabe handi bat bizi behar izan zuen: kauteren sermoian beraz ari zirela garbi ikusi zuen nahiz eta bere izenik ez zen aipatzen zuzen-zuzenean. Mauleko jendarmerian ezerezean geratu zen salaketa bat jarri zuen. Badirudi azken urteotan bake gehiago arnasten dela gai honen inguruan, arrazakeria seinale horiek gutxiagotzen-edo ari direla. Aitzindari edo bide-urratzaile izatearen ondorioak majo pairatu behar izan ditu Lougarot andereak bere azalean.
Urte batzuk lehenago bazebilen sentsazio bat maskarada jokoen inguruan: buhameak ez zirela ongi tratatuak, edo arrazakeria zebilela
Baina nor da Nicole Lougarot? Nicole Lougarot bere sorterrian bizi da. Animatzailea da eta Zuberoako ohiturez maitemindua dago. Urte asko daramatza Euskal Herriko buhameen historia ikertzen. Hebentik taldekoa den partetik, Tzigano talde baten bila hasi zen XIRU jaialdirako orain 15 urte. (Manexak aukera hau baliatu nahi du aurtengo XIRU jaialdiko egitarau paregabe hau iragartzeko). Bila ari zela Maule izenarekin topo egin zuen; jakin zuen 1802. urtean sekulako buhame-atxilotze bat izan zela iparraldean. Sarekada erraldoi bat! Geroztik, buru-belarri ari da inurri lanean buhameen gaiaren inguruan. Artxibo asko miatzen ari da eta borroka ttipi bat darama hauen historia eta balioa ezagutarazteko.
XXI. mendean oraindik, dio Nicole Lougarotek, errespeturik gabe azaltzen ditugula buhameak gure ohituratan. Honen erakusgarri Urdiñarbeko maskaradatan nola aurkezten ziren buhameak: «Buhame debrü horik lanik egin gabe, arraza hori bizi dirade/ Aberatsik horregatik ez da nihur ere, aldiz sortüak oro ohoinak dirade». «Debekatua ezer hartzea besterena ez bada...». Erromintxela, buhamea, ijitoa, motzailea Euskal Herrian, bohémiens, manouches edo romanichles Frantzian, gitano edo calé Espainian, gypsies Erresuma Batuan, zigeuner Alemanian, zingari edo sinte Italian… Denek iturri bera dute: tzigano edo rom populua. Lougaroten esanetan arbasoek India utzi zuten X. mende aldera eta XV. mendean iritsi ziren Europara, alegia, gurera.
Nicole Lougaroten lan eta ikerketak asko dira; manexaren lerroetan kontaezinak. Denak ezin jakina, baina hauetako batzuk aipatuko ditut fite. Zorionekoa zu, euskal buhameen historia zoragarrian barrena bidaiatzeko nahiak heltzen bazaitu ni bezala.
Mascarades.eu sortzen parte hartu zuen; Zuberoa eta munduko maskaradatara hurbiltzeko modu oso polit bat. Garai bertsuan, Buhameak eta maskaradak erakusketaren sortzean parte hartu zuen. 2009. urtean Bohémiens liburua idatzi zuen frantsesez, 1802 ikusgarria sortu eta zuzendu zuen, Ederlezi pastoralaren zuzentzean izan zen…
Baina manexak arreta berezia eskaini nahi dio 2021ean Lougarotek idatzi, Mixel Etxekoparrek itzuli eta Gatuzainek argitaratutako azken liburuari: Buhameak, historiarik gabeko jendeak?. Jean Barbierrek (Donibane Garazi, 1875 - Senpere, 1931) 1895. urtean idatzitako Les Bohémiens d'Antxitarburu kronika oinarri hartuta, benetan liburu oso interesgarri bat ipini digu eskura. Jeanek bere kronikan idatziak irakur daitezke batetik, eta jarraian hauei buruz Nicolek ikertu dituen istorio eta ñabardurak. Liburuaren irakurketan barrena jakin ahalko duzu noiz eta nola sartu ziren buhameak iparraldean, zer abizen zituzten eta hauetarik zeintzuk dirauten gaur egun, non kokatu ziren… Irakurketan murgildu zarelarik, benetan interesgarri gertatzen da buhame eta bertakoen nahasketa; dotore apartatu ditu Nicole Lougarotek artxiboetako ezkontza agiriak, familia-abizenak… Oso polita iruditu zait ere 66 eta 67. orrietan kontatzen den buhame komunitatearen desegitea.
Eta Zuberoara joatekoa bazara argi ibili! Nicole Lougarotek dioenez, oraindik bada bertan tziganoen larru eta bilo belzdun jendea; Etcheverry, Aguerre, Escos abizendunak…