XIBERUTIK

Lurra nekazaritza laborantza

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Atxega 2022ko aza. 7a, 07:57

Behiak Larrau gainean. A. ATXEGA

Zuberoara hurbiltzen garelarik paisaia da seguru asko hauteman edo sumatzen dugun lehen ezberdintasuna gure inguruetatik. Etxalde eta etxe txikiak, bide zabal eta garbiak, laborantza tresneria eta makineria astuna edonon, larre txukun-txukunak, abereak… 

Ez dugu herri handirik pasako (Maule-Lextarre hiriburu den partetik salbuespen da noski), ez dugu gurean ditugun etxe bloke asko ikusiko… Ez dugu semaforoetan geratu beharrik izango, ez dugu udaltzainik ikusiko, ez dugu taxirik entzungo, autobusik apenas, ez dugu zaratarik entzungo, bost egunean behin kamioren bat sumatuko dugu, denboran atzera eramaten gaituzten C-15 eta R4 haiek…

Altzai-Altzabeheti. A. ATXEGA

Zuberoara sartzen garenean landa eremu baten erdian sentitzen gara istant batean eta hari honi tira nahi izan dio manexak: lurrari, nekazariari eta laborantzari.

Ahalik eta informazio zuzenena jaso asmotan, laborari baten bila ibili da manexa eta ate batzuk jo ostean Peio Quihillatengana iritsi da. Peio laboraria da eta urte asko daramatza lanbide honetan. Peiorekin hitz egin eta honako hauek bildu ditut. Ea ongi ekartzeko modua egiten dudan.

Zuberoa txikia dela ondo dakigu, Euskal Herriko herrialde txikiena hedaduraz nahiz biztanleriaz. 814km? bakarrik ditu eta 13.000 biztanle bueltan da gaur egun. Dezente harritzen duen lehen zifra honako hau da: 600 etxalde dira bizirik gaur egun Zuberoan (baserri litzateke Euskara Batuaz gehien hurbil daitekeen hitza). Badirudi gehiago ere bazirela orain urte gutxi, baina bitxia da ez direla galdu gurea bezalako inguru industrializatuetan galdu diren adina. Langileak, oso ehuneko handian, etxaldean lan egiten dute soilik. Oso txikia ei da etxaldetik kanpo beste nonbaiten lan egiten duten laborarien kopurua. Garai batetik hona etxaldeak handitzen ari dira pixkanaka-pixkanaka baina batez beste 30 hektareako barrutiak gobernatzen dituzte. Itxura batean barruti nahiko handiak ez oso ustiapen handientzako eta Peioren esanetan hau da bazterrak hain garbi eta txukun ikusi eta mantentzearen arrazoia.


Altzürükü. A. ATXEGA

Lurraren kudeaketaz hitz egiterakoan beharbada honako hau iruditu zait aipagarriena: Zuberoako etxaldeak pribatuak dira ia erabat, baina bortuak (mendiak), kolektiboak, herriarenak edo Xiberoko Zindikatarenak dira. Herri bakoitzak, herri bezala parte hartzen du sindikatu honetan. Herritarrek beraien beharren gainean deliberatzen dute eta herrian, taldean, erabakitzen dute laborarientzat egin nahi diren gauzak. Hots, inbestimenduak, bideak, basoak… Asmoak eta erabakiak gauzatzen direnean, laborariek eskubide osoa dute berauetara joateko ardi eta behiekin. Etxalde gehienetan behiak eta ardiak ikus ditzakegu. Lau ardi-leinu dira gehienetan. Bertakoak, buru xuria, buru gorria eta buru beltza dira, eta kanpokoa lacaune (esne gehiago ematen du honek). Ossau Iraty sor-markadun gazta egiteko bertako ardia erabili behar izaten dute jakina. Behietan blonde d'aquitaine arraza da erabiliena.



Lurra eta honen gainean eraiki direnak ere kolektiboak dira. Zuberoako bortuetako txabolak edo olak, herriarenak dira; alegia edonork erabil ditzake. Quihillatek dioenez, lau, bost, sei edo zazpi abeltzainek erabiltzen dute elkarrekin normalean borda edo ola bat; erabili eta kontu egin ere bai. Aldika joaten dira nekazariak bertara kabala (ganadua) zaintzera. Oso zuberotarra da erabilpen mota hau nonbait. Berezitasun hau ez da ez Behe Nafarroan eta ez Biarnon.

Ondoren laborantzari buruz galdetu diot Peiori eta laborantza industrial gutxi dela dio. Ia laborari denek belarra erabili ohi dute kabalari jaten emateko. Halere, gutxi izan arren, badira esne ardiak intentsiboan hazten dituztenak. Maule-Lextarre inguruan arto pixka bat ikus daiteke Peioren esanetan eta ez da transgenikoa; kabala hazteko egiten da ia erabat. Iparralde osoan hamar edo hamabi laborari ari dira beraien hazi propioa erabiltzen ekoizpen berezietarako: talo-irina egiteko, artahia egiteko…

1980an Euskal Laborarien Batasuna sortu zen iparraldean laborantza txikia eta mendikoa hobeto defendatzeko asmotan. Tartean gauza asko izan bazen ere, labur dezadan esanaz, Euskal Herriko Laborantxa Ganbara sortu zutela gerora. Egitura honek laborantza iraunkorra du helburu nagusi. Esan nahi baita, lan baldintza onak, inguruarekiko errespetua, kalitatezko ekoizpenak… Guzti honen inguruko formakuntza oso onak eskaintzen ditu laborarientzat.

 

Zuberoara sartzen garenean landa eremu baten erdian sentitzen gara istant batean



Laborarien kezka nagusienetakoa klima-aldaketa dela esan du. Urteak gero eta lehorragoak dira eta ondorioz ez dituzte lortzen aurreko urteetako belar eta arto uztak. Honek diru gutxiago dakar jakina, eta eransten zaio 800-900 euroko erretreta-sari nahiko txikiari. Bi arazo nagusi ditu laborantzak Quihillalten ustez. Lehena irabazien gaia da; soldata aski baxuak, industriakoen aldean. Bigarrena bizitza-erosotasuna: laborariek ere nahi dituzte deskantsu-egunak eta oporrak, baina nekazaritzan ez da errazena. Honegatik gazte askok ez omen du gurasoen bidea jarraitzen.


Zaldiak Ahuzkin. A. ATXEGA


Bukatze aldera galdetu diogu ea nola den nesken egunean (larunbata) Maule-Lextarren egiten den azokaren osasuna. Peiok dio sona ona duela laborari asko joaten delako bertara. Azken urteetan indartu da zuzenean saltzea eta horregatik gero eta laborari gehiago antolatzen da herriz herri haragia, gazta, arrautzak eta abar saltzeko zuzenean.

Zaila da hain landatarra den gizarte bat hain lerro gutxitan azaltzea, beraz ohiko aholkua bukatzeko: joan, ikusi eta dastatu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!