XIBERUTIK

Etxahun Zaharra (II)

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Atxega 2021ko urr. 5a, 07:57

Hilabete batzuk joan dira Etxahun Zaharraren kontuak aipatzen hasi nintzenetik. Saiatu naiz bere bertso gehiago bilatzen baina maleruski ez da lan erraza. Pierre Topet ez zen ongi etorria bere etxean eta badirudi eskuizkribu asko erre egin zizkiotela. Inguruko denek urrun nahi zuten Pierra, arrazoi bat edo beste tarteko: amak, aitak, emazteak… 

Pierraren gainean dakigun gehiena bere bertsoei esker da; izan ere, oso autobiografikoa izan zen bere emana. Esan beharrik ez da beraz, asko ezingo dugula jakin gehien-gehienak erreak izan baitziren. Dena den, bere bizitzaren ideia oso eta eder baten jabe egin nahi duenak aukera paregabea du Yon Etxaidek bere bizitzan oinarrituta idatzi zuen eleberrian: Joanak-joan (1955).

Gogoan baduzu, Engracerekin ezkonarazi zuten Pierra bortxaz. Ezkondu zenerako bazuen maitale bat Engracek, itxuraz, ezkondu arren utzi ez zuena. Bien arteko elkarbizitza oso gogorra izan omen zen; 1827an banandu egin ziren sei seme-alaba zituztelarik. Etxahun ezkondu eta urtebetera, Etxahunen aita-pontekoa hil zen. Berak horrela uste zuen arren ez zen bera izan oinordekoa, Jose anaia baizik. Lehenaz gain, anaiarekin zuen harremana erabat aldrebestu zen. Bere anaia Jose Napoleonekin Espainiara joan zen bizia galdu zuen. Etxahunen familian bukaezineko auziak sortu ziren aita-pontekoaren hiru baserriak banatzeko. Epaiak ondarearen laurdena eman zion sendiari, eta gainontzeko hiru laurdenak beste senitarteko batzuen esku utzi zituen. 1818an ama hil zitzaion Etxahuni, eta haren ondarea anaia-arreben artean banatu zuten.

Beste sei seme-alaba izan zituen Engracerekin, baina ezkontza hark ez zuen ezer onik ekarri. 1821ean beste gertaera latz bat izan zuen Pierrak. Badirudi Engraceren amorantea zen gizonezko bat aizkoraz jo zuela buruan. Bost urteko kartzela zigorra ezarri zitzaion, eta itzultzean, emazteak beste gizon batzuekin engainatzen zuela konturatu zen Etxahun. Espetxean zela, bere emazteak lurrak saldu zizkion Etxahunen anaiari. Salmenta prezio oso eskasean egin zelako nonbait, salmenta eragozteko-edo, ihes egin zuen espetxetik.

1827an, maiatzaren batean, Dominique Etchegoyen tirokatu zuten besta batetik bueltan. Zurrumurruen arabera emaztearen maitalea zen Dominique eta nonbait akabatu nahi izan zuen. Etxahunek ihes egin zuen mendira eta esamesek indar hartu zuten. Alabaina, Etxahunek ero plantak eginda errugabetze-epaia lortu zuen urte bereko abuztuan. Epaiketa bukatzean, txirotasunak jota, etxea hipotekan eman zuen abokatua ordaintzeko. Desterratu egin zuten eta Santiagoko Bidea egin zuen erromes bere zoritxarra kantatuz. 

Nolabaiteko barealdi baten seinale, bere aisialdian, herriko haurrei idazten eta irakurtzen irakatsi zien

Emazteak dibortzioa lortu zuen eta hau zendu zenean, berriz etxean onartu zuten. Ordurako, bere izena Ipar Euskal Herri osoan egin zen ezagun eta mota guztietako jaietan kantatzeko deitzen zuten. 1832tik 1840ra izan omen zituen Etxahunek urterik zoriontsuenak. Bertso egile ezagun bilakatu zen eta euskal burgesiaren ezkontzetara gonbidatzen zuten bertsoak jartzera. Ahaide (doinu) delizius huntan sortan hau zioen: «Izan naiz Santiago Compostelakoan / Erroman eta Loreton / beti jende onen laguntzaz bizi izan naiz ene bidaietan / orain ere abiatzen bainaiz lengo gisa berberean / Jainko Jauna lagun nazazu nire behar orduetan».

Eskale gisa eman zituen bere azken urteak, noizbehinka seme-alaben etxean bizi izanda. Nolabaiteko barealdi baten seinale, bere aisialdian, herriko haurrei idazten eta irakurtzen irakatsi zien.

1847ko abenduan atera zen kartzelatik urtebete bertan pasa ostean. Artzain izateko asmoa ekarri omen zuen baina zaharregia lan horretarako. Aurretik utzitako ondasunak berriz eskuratu asmoz, semea auzi batean sartu zuen. Ez zuen etxerik lortu baina bai 150 frankotako pentsio bat. Jakina, honekin bizi ezin, eta bertso-paperak saltzen aritu zen. 1850. urtean beste esperientzia latz izan zuen: iloba batek zuen guztia lapurtu asmoz, tirokatu nahi izan zuen; tiroak irten ez, pistolaz buruan jo, eta begi bakar utzi zuen. Geroztik txirotasunean, eskeko gisa, ibili zen Zuberoan.

Etxahunek ez zuen bere lana inoiz argitaratu. Bere bertsoak ahozko tradizioari esker gorde dira. Pierrak idatzi zituen bertso-paper gehienak bere familiak erre zituen lehen esan bezala, eta Jean Haritxelharrek, hainbat bertso-biltzailek eta ikerlariek jaso zituzten han eta hemen. Haritxelharrek bere doktore-tesia Etxahunen obraz egin zuen. Tesia bi liburutan eman zen argitara: Le poète souletin Pierre Topet-Etchahun, 1969an idatzita eta L'oeuvre poétique de Pierre Topet-Etchahun, 1970an idatzita.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!