XIBERUTIK

Pastoralak

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Atxega 2020ko eka. 6a, 08:00

Urtea badoa aurrera eta Zuberoako festa-egutegiak ere aurrera jarraitzen du. Negua atzera utzi genuen orain pare bat hilabete eta bedatsea da gurekin. Ahanzturan dira jada gabon eskeak, maskaradak, ederlezia… Natura biziberritu den honetan, zenbait kolore eta lurrin bueltatzen den honetan, Zuberoak martxan izan ohi du beste ekitaldi handi bat: Pastorala.

Pastorala, Zuberoako antzerki herritarra da. Biarno hurbilera ere hedatzen den arren, ez dut uste akats denik esatea batez ere Zuberoakoa dela. Trajeria hitza ere irakurriko duzu hemen eta han, baina ez da Greziakoa adina ilun. Tragikomediatik gertuago dago seguru asko. Bukaera irus bat du pastoralak eta agerraldi edo jelkaldi irrigarriak ere baditu. Orokorrean pastorala genero epikoari dagokio, pertsona baten bizitza bertsetetan kontatzea baitu ezaugarri nagusia izan gizon ala emazte, profeta, saindu, subirano, artzain, sindikalista, politika buru, ala beste edozein pertsona historiko.

Kanpoan jokatzen den antzerki bat da pastorala. Ikusi ditut pastoralak pilota plazan eta ikusi ditut larre batean ere. Oholtza bat paratzen da erdi-erdian, eta goialdean musika jotzaileak ipintzen dira. Maskaradatan ez bezala, musikari talde handi bat entzuteko moduan izaten gara normalean; oso ohikoa da 1012 musikari aritzea. Musika talde trinko eta sendo bat erabiltzen da pastoraletan. Oholtzaren aurrean eta aldeetan harmaila handiak ipintzen dira. Batetik pastoralek ikusgarritasun handia izaten dutelako eta bestetik ikus entzuteko aukera gutxi izaten delako; normalean bi aldiz bakarrik jokatzen dira pastoralak antolatu diren herrian bertan.

Musikarien oinpetan hiru ate aurkituko ditugu: ikusleriaren eskuin aldera ate gorri bat ipintzen da eta ezkerrera ate urdin bat. Erdian, ate zuri bat osatzen duten bi errezel. Ez dudanez neure burua aditutzat jotzen, ez dut gehiegi esango kolore hauen sinbologiaren interpretazioez. Dena den aipatuko dudan hau oso onartuta dagoelakoan nago. Hiru ateek (koloreek), hiru indar irudikatzen dituzte. Ate urdinetik khirixtiak ateratzen dira, esan nahi baita onak. Urdinak zerua irudikatzen du. Ate gorritik türkak eta Satan ateratzen dira. Sua eta infernua irudikatzen du kolore gorriak. Hauek gaiztoak dira baina ederrenak; denok nahiko genuke haien lekuan egon! Gorria eta urdina, gisa honetako errituen ohiko dualismoa da. Erdiko atea zuria da, garbitasunaren sinboloa. Zuria bekatu sexualen kondenatzaile dela irakurri dezakezun arren, interpretazio malguago baten bidetik erraz asko pentsa dezakegu leialtasuna, ohorea, fideltasuna eta gisa honetako kontzeptuen adierazle dela. Ate honetatik jende zerutiarra atera ohi da: aingeruak, elizgizonak… Halaber Zuberoako gizartean onartutako beste zenbait pertsonaia ere ikusiko duzu ate honetatik ateratzen: artzainak, nekazariak… Artaldeak ateratzen ikustea ere tokatu izan zait niri!

Inor gutxik ziurtatuko du zehatz-mehatz noiztik jokatzen diren pastoralak Zuberoan. Era berean, inor gutxik ukatuko du Etxahun-Irurik (Pierre Bordazarre, Iruri, Zuberoa, 1908-1979) ekarri zuen olatu berria. Datatutako pastoralik zaharrena Sainte Elisabeth de Portugal omen da, 1750ean Eskiülan eman zena. Bigarren Mundu Gerra ostean (1939-1945) Etxahun-Irurik berpiztu zituen pastoralak. Orduz geroztik pertsonaiak euskaldunak izan ziren gehienbat, euskarak, alegia zubererak, leku nagusi bat hartu zuen, Zuberoako gaiak landu ziren batez ere, testu egileak kontuan hartzen hasi ziren (aurretik ez zen egileen noziorik ere) euskal musikak leku zabalago bat hartu zuen, bertsetak neurtuak izaten hasi ziren… Behiala pastoralek egun oso bat hartzen zuten arren, gaur egun arratsalde batean ematen dira. Etxahun-Irurik 1979an idatzitako Ximena pastorala da oraindik ere emakumeek soilik jokatu duten azkena eta bakarra, oso oker ez banabil.

Datatutako pastoralik zaharrena 'Sainte Elisabeth de Portugal' omen da, 1750ean Eskiülan eman zena

Maskaraden munduak duen gizarte molde bertsuetan mugitzen da pastorala ere. Ofiziorik gabeko antzerkia da; urtero herri batek hartzen du pastorala antolatzeko lan itzela. Aurtengo antolatzailea Aiztondon ondo ezagutzen dugun Pettarrako jendea izan da. Jean-Louis Davant-ek Abdelkader pastorala idatzia du, eta 2020ko udan Ezpeize Ündüreingo oholtza gainean bi aldiz ematekoa zen arren, bertan behera dago antolakuntza-katea Covid-19a dela eta momentu honetan. Jendea plazeragatik edo herriaren ohoretan biltzen da: batzuk oholtzan, joskintzan, azpiegituran… Besteak idazten, musikak atontzen, zabalkundean, oturuntzan… Herri osoarentzako adina zeregin izaten da zazpi edo zortzi hilabete luzez! Herriko txikiak, gaztetxoak, gazteak, helduak, zaharrak… denak batera aritzen dira.

Buka dezadan esanaz aurten ezingo dugula pastoralik ikusi non eta gauzak ez diren asko aldatzen denbora oso gutxian. Baina Zuberoako kultur kateak herdoil gutxi duenez, har ezazu gogoan gertakari hau datorren udarako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!