XIBERUTIK

Aire!

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Atxega 2020ko api. 24a, 15:57

Martxoaren 13an hasi zen orain artean probatu gabe genuen etxealdi honen bidea. 13 ostiralarekin! Baina seguru samar ohiko arrastoan sartzen hasiko gara laster antzera eta hortxe jarri dut gogoa. Zer nahiko ote du jendarteak zoritxarreko mamu honen hortzak kamusten hasten direnean? Pintxo-potea, zinema, kontzerturen bat… Zilegi noski. Baina manex honek ez duenez inoiz izan hainbeste denbora sukaldean jarduteko, pelikulak ikusteko eta musika entzuteko, bestelako gogoak izango ditu.

qHona arte esandakoek nabarmen salatzen dute manexak zer nahiko duen normaltasunean sartzen hasten garenerako. Zuberoa! Soa luzean galtzea nahiko dut ezer ikustera iritsi arte; nire ahotsaren erreberberaziorik ez entzutea beste bizidunen batzuen hotsak entzuteko. Bertara joan eta Zuberoak eskaintzen duen onirismo horretatik edan nahiko dut mozkortu arte! Begiak, belarriak eta sudurra itxi, eta hango leku, soinu eta lurrinak bizi nahiko ditut.

Nire oroian dauden Zuberoako paraje batzuk apartatu ditut gaurkoan, iruditzen baitzait gehientsuenok aire bila ibiliko garela ateraldian. Litekeena norbaitek gustura hartzea... Ez da nire asmoa aisialdi edota turismo eskaintzen alternatiba gisa aurkeztea nire burua, gutxiagorik ere! 

Goazen bada… Zuberoa, iparretik hegora, hiru barrutitan banatzen da: Pettarra, Arbaila eta Basabürüa.

Zuberoako barrutiak.

Baga: Pettarratik iristea aukeratu baduzu, Ezpeize-Ündüreinen gera zaitezke lehen lurrinak bizitzen hasteko. Zuberoan elizak ia beti irekita daude gaur egun beraz zoaz barnera eta ikusgai izango dituzu margo eder batzuk monumentu izendatutako eliza honetan. Zuberoako hirupuntadun ohiko eliza bat da errepidean bertan. Horrelako asko ikusiko dituzu! Ekialdera Uhaitzandi ibaia izango duzu eta mendebaldera lur sail ederrak. Garai honetan artoa erruz ikusiko duzu eta berehala sumatu lurraren garrantzia. Dena txukun, garbi… Zail da belar txar bat ikustea Zuberoan.

Ezpeize-Ündüreingo eliza. A. ATXEGA.

Biga: Pettarraren hego mugan Maule-Lextarre hiriburua. Goialdean dago herri-gune zaharra, Maule zena. Zoaz oinez! Bertako gazteluak, eraikuntza publikoa izanagatik ere, ikurrina bakarrik du. Ez dut nik ezagutzen besterik. Handik ikus dezakezu Sohütako Lizeoa; Zuberoan euskaraz ikas daitekeen lizeo bakarra. Han irudika ditzakezu Bereterretxe, Matalaz… Bertatik dotore ikus dezakezu Lextarreko Plaza. Neskenegünean, goizez, azoka oso polita egiten da. Inguruko nekazarien bertako produktuak (esne, gasna, ezti, barazki, ogi…) ez ezik, hamaika txerpolari ikusteko moduan izango zara. Hebentik Zuberoako Kultura Elkarteko egoitza ikus dezakezu Matalaz Karrikan. Hebentikek sortzen duen produkzio itzel hori hain leku ñimiñotik jaiotzea… Jakin-nahirik sortu bazaizu ikus bloga.

Hebentiken egoitza. A. ATXEGA

Higa: Arbailan ipiniko nuke hurrengo parada, Gotaine-Iribarnen. Bertan Ütürzabala ibilbidea dago. Zuhaitz bikainak eta arte obra zoragarriak eskutik emanda. Koldobika Jauregik ere hantxe paratu zuen bere ale eder bat. Pasiera paregabea ibaiaren freskotasunean eta zuhaitz itzelen babesean. Ez zara damutuko seguru asko. Libarrenx Jauregia ere bertan da zut.

Laga: Coucou de Boix Niko Etxarten abesti baten bidez entzun nuen lehen aldiz. Dantzaleku hau (Zuberoako tamainan noski) bidegurutze batean dago eta hemen hasten da nire hurrengo iradokizuna. Maulen D918 errepidea hartu Garazi norabidean eta bizpahiru kilometro egin ondoren izango zara hemen. Ezker egin. Zuberoako etxaldeak ikusten hasiko zara, Ossau-Irati sor-markarako ardiak, auzo txikiak… Honako buelta egingo nuke: Idauze-Mendi, Gamere-Zihiga (ikus Lamiña Zuloa), Mendi, Ozaze-Zühara (iristea pixka bat kostako zaizu behar bada) eta Elizanburu Kanpina. Altzürükü ezin utzi joan gabe. Buelta honen irtetea Urdiñarbetik egingo nuke nik. Galdetu beharko duzu Altzürükün Garaibierantz nola joan. Errepide ttiki batera iristean egin eskuin eta Urdiñarbeko Plazara iritsiko zara. 

Lamiña Zuloa, Gamere Zihigan. A. ATXEGA

Gamere Zihiga, Lamiña Zuloa bidean. A. ATXEGA

Altzürükü Garaibie bidean. A. ATXEGA

Boga: Basabürüra noa orain. Barruti honek mendi itxura hartzen du. Hau da Piriniorako sartzea; hemendik joango ginateke Orhira, Iratira, Holtzartera, Santa Grazira, Kakuetara … Atarratzek badu ibai ondoan kanpin bat eta bertatik abiatu. D57 errepidea hartu eta gida ezazu herri hauetan barrena: Onizegaine, Ziboze, Zunharre, Lexantzü (zinez polita), Altzai, Sarrikotagaine, Lakarri… Jaits zaitez kotxetik eta ikusi hilerriak, baratzeak, etxaurretako loreak, ukuiluak, elizak, arbel teilatuak, ganadua, bidezidorrak … Esandako azken bi herrietatik Ligirantz jo dezakezu eta abentura txiki bat bizi: Bereterretxeren jaiotetxea eta hilarria bilatzea! Galdetu gabe bikoiztu egingo duzu abentura. 

Altzai. A. ATXEGA

Ezpeldoian, Bereterretxeren hilarria. A. ATXEGA

Ezpeldoia. Bereterretxe hil zuten etxea. A. ATXEGA

Bukatzeko tenorean naiz eta hiru irteera proposatuko ditut, hirurak mendebaldetik gutxi gehiago.

Sega: Urdiñarben Garaibie bailara hartu. Seinaleek Napal diote. Arango errekaren ezker eskuin ibiliko zara; eskuinean zarenean Urdiñarben izango zara eta ezkerrean zarenean Altzürükün. Bailara oso polita da, larre zainduak, baserriak, hegaztiak, bortüa… Halako batean Le Garaibie Gite d’etapera iritsiko zara. Bertan, harpe-sarrera oso polit bat dago. Ez duzu inor ikusiko, busti zaitezke... Oinez ez dituzu 15 minutu egingo. Ostatu honetatik errepideak piku egiten du gorantz Napal gaina arte. Hemen usoak ehizatzeko azpiegiturak ikus ditzakezu (jendea ere proportzio horretan) uso-pase garaian. Beherantz Bidouze iturburua ere ikus dezakezu. Donaixti pasata, Garazira iritsiko zara.

Garaibie Bailara. A. ATXEGA

Harpe irtetea. A. ATXEGA

Harpe irtetea 2. A. ATXEGA

Zai: Maule-Lextarren D918 hartu Garazi norabidean eta Urdiñarbe pasa orduko Le Chistéra jatetxearekin topo egingo duzu. Gure maneran jateko leku gutxitariko bat bestaldean. Pirinioak eta paisaia ederrak ikusteko parada bikaina duzu arno bat edanaz. Metro batzuetara, igandea ez bada, Azkorria Kooperatiba duzu. Bertako gazta erosteko aukera! Bidea segi eta Muskildi eta Pagola esku-eskura dituzu bisita motz bat egiteko. Pixka bat aurrerago, Oskaxe edo Oskitz gainean izango zara. Kotxea portu gainean utzi eta zoaz oinez San Anton baselizara (gure norabidean ezker aldera); ordu erdi azpitik han izango zara eta luze gogoratuko dituzun bistak gozatuko dituzu.

Zoi: Bukatzeko beste irtete eder bat. Altzürükün D117 errepidea hartu eta neguan maiz ixten duten portu bat igoko duzu Ahüzki gaina arte. Bertan jatetxe bat da eta bista paregabeak. Hemen egon izana ere ez zaizu luzaro ahaztuko. Hemendik behera, gainez gain segi eta Behe Nafarroako inguru ezezagun adina eder bat pasako duzu: Behorlegi, Mendibe, Ahatsa, Lekunberri… Donazaharretik barna, Garazitik, etxera bueltatzeko moduan izango zara.

Ea nik adina gozatzeko moduan zaren. Izan otsa!

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!