EITB, Zestoako harrobiko depositoa eta AHTaren Hernialdeko zulo ikusezina

Erabiltzailearen aurpegia Aiora Mujika 2014ko aza. 12a, 18:40

Artikulu honen asmoa EITBko SIML saioak bi gairen inguruan egindako lanketa konparatzea da: Hernialden AHTko obrek eragindako zuloa eta Zestoako Osinbeltz harrobian ezarri nahi den hondakinen depositoa.

Denbora eta baliabideak izango banitu EITBk bere osotasunean egin duen lanketa neurtuko nuke, baina ezinezkoa zaidanez, saio horixe hartu dut adibidetzat (nire ustez nahiko ondo islatzen duelako EITBren jardun orokorra).

Zergatik aukeratu ditut bi gai hauek?

  • Tamaina handiko bi azpiegitura dira
  • Denbora tarte berean gertatu dira
  • Proiektuekiko aurkakotasuna zabaldu da
  • Herri galdeketak egin dira edo eskatzen dira
  • Sortu den zalaparta eragin eremu-zuzenetik kanpo ere zabaldu da
  • Proiektuen aurkakoek ingurumenean kalteak eragin ditzaketela salatu dute

Nire ustez, behintzat, tratamendu informatibo nahiko beretsua izan behar luketen bi gai dira.

Gipuzkoako Aldundiak urriaren 13an iragarri zuen depositoa Zestoan egiteko asmoa eta AHTko zuloa urriaren 23an ezagutu genuen (nahiz eta zuloa bera bi aste lehenago sortu). Hortaz, aztertutako saioak urriaren 13tik azaroaren 11 artekoak izan dira.

Hona hemen emaitza:
22 programetatik:

  • 9-tan hitz egin dute Zestoako depositoari buruz (saio batean, bi bider gainera). Programen %40’9-an.
  • 0-tan hitz egin dute AHTak Hernialden eragindako zuloaz. Programen %0-an.

AHTak Hernialden eragindako zuloa ez da existitu SIMLeko programazioan. Zestoan egin nahi den depositoari buruz hitz egiteko, aldiz, adituak gonbidatu dituzte, Zestoara joan dira herritarrei galdetzera, ordezkari instituzionalak joan dira programara…

Zestoan oraindik existitzen ez diren arazo posibleez luze eta zabal eztabaidatzen zuten bitartean, AHTak jada sortu dituen arazoei buruz mutu egon dira.

* Oharra: SIML tertulia bat denez, bertan lantzen diren gaiak askotan “desbideratu” egin ohi dira, partehartzaileek modu batera edo bestera bideratzen dituztelako gaiak. Saio batzuetan, jatorrizko gaia ez da Zestoako depositoa izan, Gipuzkoako hondakinei buruzko besteren bat baizik. Baina, eztabaidak beti norabide beretsua izaten duenez, multzo berean sartu ditut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!