Artolatarren etxean, astean behin edo bi astetik behin egiten den errezeta da: patata tortilla. Etxe guztietan egiten den errezeta dela badaki Aintzane Artolak, baina bere tartean bere tokia behar zuen patata tortillak. Festa gisa ospatu nahi izan du azken irratsaioa, eta guk honela ekarri nahi izan dugu Ataria astekariko orrietara.
Patata tortilla bada edozein otordutan jan daitekeena, egin berria jan daitekeena, baita hotza ere. Edozein egunetan, edozein unetan ondo sartzen da patata tortilla mokadutxo bat. Tuperrean eramateko mundial geratzen da, baita ogitartekoan edonora eramateko ere.
Bada eztabaida tipuladuna eta tipulik gabekoaren artean, baina Aintzane Artolak ez dio ezeri ezezkorik esaten: «Oso-oso txarra egon behar da patata tortilla bat ez jateko».
Bakoitzak bere eskua hartuta izaten du patata tortilla egiterako orduan: patata mota, arrautza kantitatea, tipula bai edo ez, ekonomikan edo indukzioan egin... Mikrouhin labean egitera ausartu da Aintzane Artola, baita poltsako patatekin ere: «Dena aurrera!».
Has gaitetezen bada ohiko errezetarekin, Aintzane Artolaren azalpenei jarraika:
Lehenik eta behin tipula su-eztitzen jartzen dut, tipula osoa, zatituta. Bitartean, patata zuritu eta mozten hasten naiz. Nik laukitxoetan mozten dut, badakit hainbatek laminatan mozten dutela, baina hau nire mania da. Behin ikusten dudanean tipulak bere kolorea hartzen hasten dela, orduan patata gaineratzen diot. Patata sutan uzten dut luze, 15 bat minutuz. Sua suabe-suabe mantentzen dut. Hasieran egia da, patata botatzerakoan olioak bor-bor egin behar duela, baina segituan jaitsi egiten dut.Noizbehinka egurrezko koilara baten laguntzarekin, bueltak ematen dizkiot, toki guztietatik berdintsu frijitzeko.
Behin ikusten dudanean eginda dagoela, olioa kendu eta arrautzetara botatzen dut. Lehenik zuringoa irabiatzen dut eta ondoren gorringoa (nire bigarren mania litzateke hau). Arrautzari gatza botako diot segidan. Gatz dezente botatzen diot, izan ere, kontuan hartu behar da hamar arrautza direla! Proportzioan bota!
Jarraian, patata txano batetik pasako dut, ahalik eta oliorik gehien kentzeko. Ondoren, arrautzetara bota eta nahastu egiten dut. Nahasketa hori 5 bat minutuz uzten dut, patatak arrautza ondo xurgatzeko. Behin xurgatu duenean, itsasgaitza den zartagin batean egingo dut tortilla. Hori baita garrantzitsuena, zartagin on bat izatea tortilla ez pegatzeko. Zartaginean beraz olio apurtxo bat bota eta patata-arrautza nahasketa bertara botatzen dut. Nik ez dut ukitzen, bere horretan uzten dut. Sua baxu samar uzten dut eta hortxe uzten dut. Ikusten dudanean azpikoa ondo askatzen dela, orduan buelta emateko momentua izaten da. Buelta ematerakoan, apurtxo bat uzten dut sutan; izan ere, niri meloso-meloso, urtsuegi, ez zait gustatzen.
Eta listo! Platerera eta afaltzera!
OSAGAIAK
- 4-5 patata handi, frijitzekoak.
- 1 tipula, goxoa.
- Oliba olioa.
- 10 arrautza.
- Gatza.
AZKEN SAIOA ENTZUNGAI
Euskal Herriko patata tortilla mitikoak saldu dituzten eta oraindik saltzen dituzten lokalen errepasoa egin dute azken saio honetan Asier Imaz kazetariak eta Aintzane Artola kolaboratzaileak. Entzun 100. errezeta hemen.
100 ERREZETAK ENTZUNGAI
Urtez urtez Aintzane Artolak bere etxeko sukaldea ireki eta pausoz pauso eta maitasun osoz eskainitako errezeta guztiak nahieran entzuteko aukera hemen.