ERREZETA

Txokolatezko cookieak

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2024ko ira. 9a, 07:58

Gaurko errezeta bere horretan bonba bat da; oraingoan ez dago kilometro 0-rik, oraingoan AEBetara egin dugu salto. Momentu berezi baterako prestatu daiteke gaurko errezeta, ez baita egunero jateko modukoa.

Lehen pausoak eskatzen digu gurina marroiztatzea. Hau da, gurina kazola batean botako dugu, eta desegiteaz gain erre puntu bat emango diogu; horregatik marroiztatze kontzeptua. Behin marroi kolorea lortzen dugunean, sutik aterako dugu. Bol batera pasatuko dugu gure gurin marroiztatua; eta gainetik botako dizkiogu azukrea, bainila esentzia, arrautza eta gorringoa. Osagaiak gehitzen goazen heinean, hagatxo baten laguntzarekin nahasten joango gara.

Beste ontzi batean osagai lehorrak nahastuko ditugu. Hau da, irina, legamia eta gatza. Hau egiten da legamia irina guztian ondo nahastuta egoteko. Pixkanaka joango gara osagai lehor hauek bustietara gehitzen. Behin nahasketa eginda daukagunean, azken momentuan, txokolatezko txispak gehituko dizkiogu. Batzuk aparte utzi ditzakegu, eta labera sartzera goazenean gainetik bota. Momentu honetan beraz, gure orea prest izango dugu.

Gailetak bigunagoak ateratzea nahi izanez gero, trukoa da masa hozkailuan sartzea, ordu erdi eta bi ordu bitartean. 

Labearen txanda izango da jarraian. 180 graduan piztuko dugu, eta gaileta bolak prestatuko ditugu. Izan ere, bere pisuaren laguntzaz bola hori jaitsi eta gaileta bihurtuko da. Bata bestetik tartearekin kokatuko ditugu erretiluan. Nabaritzen dugunean gorritzen hasten direla, 10 bat minuturen buruan, kanpora aterako ditugu. Bestela, gogor-gogorrak geratuko dira hozterakoan. 

Hozten utziko ditugu. Tuper edo pote hermetiko batean gordeko genituzke, gehiegi ez lehortzeko. Gure errezeta prest!

OSAGAIAK

  • 170 gr gurina.
  • 200 gr azukre beltza.
  • 50 gr azukre zuria.
  • 210 gr irina.
  • Arrautza bat eta gorringo bat.
  • Bainila esentzia.
  • Koilaratxo bat legamia.
  • Gatza.
  • 300 gr txokolate txispak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!