ERREZETA

Zerba orri mami beteak

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2024ko uztailaren 19a

Lehenik eta behin zerbak garbituko ditugu. Berdea ez dugu behar izango, baina egia da gorde dezakegula purea egiteko. Zerbaren alde zuria da errezeta honetan erabiliko duguna. Nik adibidez, fruta zuritzeko gailu bat pasatzen diet, gainetik izaten dituzten hari horiek kendu ahal izateko. Honela, zurtoin zuria prest izango genuke. Laukizuzenetan moztuko ditugu, karta tamaina oinarri hartuta. —Gogoan izan, ondoren arrautzaztatuko ditugula, beraz zatiak txikiegi geratzea ez zaigu komeni—.

Behin garbitu ditugula, egosi beharko ditugu gure zerbak. Ura gatz puntu batekin jarriko dugu kazola batean; 10 bat minutuan egosita egongo dira. Ikusten baldin badugu oso gogorrak gelditzen direla, minutu pare bat gehiago izan ditzakegu uretan, egosten. Koloreari erreparatuz gero, gardenago jartzen direla antzemango dugu. Kontuan izan behar dugu, hurrengo pausoan zartaginetik pasako ditugula, beraz ez da komeni egosiegi egotea; al dente egotea komenigarriagoa da.

Hurrengo pausoan beraz, sukaldeko paper baten gainean utziko ditugu xurgatu duten ura kendu ahal izateko. 

Jarraian beraz, eskulanak hasiko ditugu gure zerba orri mamiekin. Bat egiten duten bikoteak topatu beharko ditugu; tamainaz paretsukoak direnak topatuz, alegia. Sandwich baten modukoa prestatuko dugu: zerba orria azpian, urdaiazpiko zerra erdian, eta zerba orria gainean. Nik ondo lotzeko, alderik alde, txotx bat jartzen diet.

Hurrengo pausoan arrautzaztatuko ditugu. Lehenik, irinetan pasako ditugu, eta behin irinetan pasata, zartagina olioa botata dugula, berotzen jarriko ditugu. Olioa bero dagoenena, arrautzatik pasako dugu, bi aldetik ondo-ondo, eta oliotan frijitu egingo ditugu.

Behin frijitu ditugunean, eta platerean prest jartzen ditugunean, txotxa kenduko diegu.

Jateko prest!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!