ERREZETA

Gofreak

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2024ko uztailaren 12a

Usainak agintzen du honako errezetan. Azkenburuko baterako gehiegi izan daiteke, gosari baterako edo meriendarako aukera bikaina da. Hori bai, gosarirako jan nahi izatekotan, goiz samar esnatu beharko gara.

Gofreak egingo ditugu gaurkoan; oinarria, hain zuzen ere. Izan ere, gaineko topping delakoa norberaren esku utziko dugu.

Lehenik eta behin, base orea prestatuko dugu. Horretarako, irina, azukrea eta arrautza osagaiak nahastuko ditugu. Bestalde, esne epelean legamia disolbatuko dugu. Esnea beraz, gutxika gehitzen joango gara egiten hasi garen ore horretara. Ondo nahastu eta gero, lehen deskantsua emango diogu —30 bat minutu—.

Behin ordu erdia pasata, gainontzeko osagaiak gehitzen joango gara. Hau da, 60 gramo irina eta gatz puntua. Ondoren, ondo-ondo nahastuko dugu. Jarraian, gurina gehituko diogu. Gurinak pomada eran —biguna— egon behar du. Pomada era lortzeko, gurina hozkailutik aterata utzi behar dugu. Hau da, errezetarekin lehen pausoak ematen hasterako, gurina hozkailutik atera dezakegu. Orain, gure oreari bigarren geldialdi bat emateko ordua da. Oraingoan, ordubetez utziko dugu deskantsuan.

Behin deskantsua amaituta, gure orea hazita topatuko dugu. Momentua da azukre perlatua gehitzeko gure oreari. Bota eta nahastu egingo dugu. Jarraian, koilara baten laguntzarekin gofreak egiteko makinan sartuko dugu gure orea. Makinari tapa itxi eta 3-4 minutuan prest izango dugu gure gofrea.

Gainetik bota daitezkeen osagaien artean glas azukrea, esne-gaina, kakao krema, kakahuete krema... Nahieran. Gozatu!

 

OSAGAIAK

Lehen orerako:

- 200 gr irina.

- 9 gr legami freskoa —koskorretan saltzen dutena—.

- 125 ml esne.

- 50 gr azukre.

- 1 arrautza.

Bigarren orerako:

- 60 gr irina.

- 120 gr gurina —pomada eran—.

- Gatz pixka bat.

- 80 gr azukre —perlatua—.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!