Gaurkoan beraz, berazki horietako batekin ariko gara sukaldean. Eta berritasun bezala sukaldatzeko modua gehituko dugu: air fryer-ean kozinatuko dugu; hau da, airezko frijigailuan. Oliorik gabe sukaldatzeko tramankulu aproposa da. Honako aparailurik izan ezean, berdin-berdin kozinatu dezakegu gaurko errezeta labean.
Orduan, labean kozinatu nahi izatera, errezetarekin hasi aurretik labea piztu beharko dugu, berotzen joan dadin, 180 graduan.
Lehenik, saltsarekin hasiko gara; horretarako, tomateak garbitzen hasiko gara. Jarraian, baratxuriak zurituko ditugu eta hortzetan moztuko ditugu. Hau dena, prest dugunean, laberako ontzi batean prestatuko ditugu. Labean edo air fryer-ean sartuko dugu, 180 graduan, 15 bat minutuz. Tomatea eta baratxuria batera erreko ditugu, beraz. Olio pixka-pixka bat botako diogu gainetik. Behin saltsa egindakoan, espezieak-eta gehituko dizkiogu.
Barazkiak labean ditugun bitartean, orburuak garbitzen hasiko gara. Horretarako, bol batean ura eta limoiaren zukua bertara botako ditugu. Limoia bera ere, azala, bertara bota dezakegu. Limoiak lagunduko du orburua ez oxidatzen. Orduan, garbitzen dugun orburu bakoitza bol horretara botako dugu. Orburuak garbitzeko, gaineko hostoak kenduko ditugu —dezente, biguna egon arte—. Bestetik, zurtoinaren aldea, labanaren laguntzarekin garbituko dugu. Goiko zatia ere moztuko dugu, eta horrela, orburuen barruko bihotza baino ez zaigu geratuko —horixkagoa dena—. Erditik moztu eta uretan utzi dugun limoia gainetik pasako dugu, eta uretan utziko dugu.
Hurrengo pausoa orburuak egostea izango da. Kazola bat urez beteko dugu eta gatz puntua gehituko diogu, irakiten hasten denean, orburuak bertara botako ditugu. Hamar bat minutu nahikoak izango dira. Honela, gure orburuak bigundu egingo dira. Uretatik atera eta sukaldeko paperean lehortzen utziko ditugu.
Ordu laurden pasa denean, tomateak labean sartu ditugunetik, atera egingo ditugu. Hau da, bigunak daudela ikusten dugunean, aterako ditugu. Saltsa bat prestatuko dugu haiekin, batidora erabilita. Nahi izatera, probenzal belarrak gehitzea dugu. Saltsa hau epela zein hotza jan daiteke.
Azkenik, orburuak labean edo air fryer-ean sartuko ditugu; alde bakoitzetik 5-7 bat minutuz. Honela, kanpotik gorritzea lortuko dugu. Gatza botatzeko momentua da, eskamatakoa izan daiteke.
Azkenik, saltsan dippeatzeko prest daude.
OSAGAIAK
- 12 orburu.
- 1 baratxuri buru.
- 500 gr cherry tomatea.
- 1 limoi.
- Gatza.
- Olioa.