ERREZETA

Berdela piperradarekin

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2024ko eka. 15a, 17:00

Berdela izango da gaurko protagonista. Garaian garaikoa, antxoarekin batera. Merkea da; esango nuke antxoa bera baino merkeagoa dela. Arrain urdina da, bertakoa. Baina egia da ez duela fama oso ona. 

Gure gaurko berdela piperrada batekin prestatuko dugu. Egia da modu askotara prestatu daitekeen arraina dela, baina oraingoan piperrada batekin egingo dugu, eta horrela gustu propioa emango diogu platerari. Pertsonako berdel bat jango dugu, tamaina egokia izan daiteke.

Lehenik eta behin, piperrada prestatzen hasiko gara. Kazola edo zartagin zabal batean, ipurdia duen horietako batean, joango gara barazkiak kozinatzen. Honela, piperrak garbitzen hasiko gara, urarekin. Jarraian, haziak kenduko dizkiegu; eta ahal dela, tira fin-finetan mozten hasiko gara. Piperrei barrutik duten zati zuria kenduko diegu. Tipularekin antzeko lana egingo dugu; juliana erara fin-fin moztuko dugu. Zartaginean, olio dezentean, jarriko ditugu barazki guztiak pixkanaka-pixkanaka su-eztitzen. Lehenengo momentuan sua fuerte samar jarriko dugu, lehen beroaldia emateko, baina gero suabe-suabe jarriko dugu, ordu erdiz edo. Azken momentuan su-eztitzen dugunean, gatz puntua botako diogu.

Bitartean, berdela prestatzen joan gaitezke. Arrandegian bi xerratan prest eros dezakegu, edo osorik eskuratzen badugu, burua kendu beharko diogu —antxoekin egiten dugun antzera—, tripak eta aterako dizkiogu eta labana batekin moztuko dugu isatsa bitarte, erdiko hezurra erraz atera ahal izateko. Xerrak erdian ere arantzak izaten ditu, beraz, kontuz ibili behar gara. 

Gorritu fuerte bat emango diegu berdel xerrei, haragi aldera jarriko ditugu. Izan ere, azal aldera jarriz gero uzkurtu egingo da, eta borobildu egingo da haragia; hori ez zaigu komeni. Behin gorrituta dugunean buelta emango diogu. Oso azkar egiten den arraina da.

Azkenik, platera batean jarriko dugu arraina eta piperrak ondoan. Beste aukera bat izan daiteke, arraina prest dugunean piperrak kozinatutako kazolan botatzea; hurrengo egunean jateko asmoa baldin badugu, behintzat. 

Gure berdela jateko prest izango dugu orduan. On egin!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!