ERREZETA

Porru paketetxoak

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2024ko apirilaren 27a

Errezeta sinple bezain erraza ekarri dugu gaurkoan: porru paketetxoak. Azken batean, sandwich moduko batzuk prestatuko ditugu baina ogirik gabekoak; ogiaren ordez porrua erabiliko dugu.

Lana porruak emango digu. Lehenik, beraz, porrua hartu eta zati zuria bananduko dugu; zati zuri hori baita behar duguna. Porrua orduan eta handiagoa izan, orduan eta hobea izango da gure errezeta honentzat. Zati zuriari beraz, ileak kenduko dizkiogu. Ondoren, erdira arte, goitik behera ebaki bat egingo diogu. Honela, porru xafla batzuk lortuko ditugu. Zortzi bat xafla bananduko ditugu, handienak.

Jarraian, kazola batean ura irakiten jarriko dugu, gatz puntu batekin. Eta hiru bat minutuz porru xaflak bertara sartuko ditugu, egosten. Behin denbora hori pasatzen denean, uretik atera eta sukaldeko paperaren laguntzarekin ondo-ondo lehortuko ditugu.

Behin porru xaflak lehor ditugunean, eskulanaren txanda hasiko da. Paketetxo bakoitza osatzeko bi xafla erabiliko ditugu. Bi orriekin gurutze bat osatuko dugu, eta erdian kokatuko dugu york urdaiazpikoa eta gazta. Azkenik, bildu egingo ditugu, paketetxoa osatuz, york urdaiazpikoa eta gazta barruan geratuz.

Zartagin batean, plantxan buelta eta buelta pasako ditugu, zartaginean olio tanta bat botaz. Porrua zigilatuko dugu. Honela, porrua gorritu egingo zaigu, biguna baina kurruskaria geratuko da, eta barruko gazta urturik. Jateko prest!

 

OSAGAIAK

- Porru bat.

- Lau york urdaiazpiko xerra.

- Lau gazta xerra.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!