ERREZETA

Muskuilu enpanadilla

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2024ko api. 6a, 17:00

Lehenik eta behin muskuiluak garbituko ditugu. Nahi izatera garbiak ere eros daitezke, noski. Edota haragia bakarrik eskura dezakegu; izan ere, oraingoan ez dugu oskala behar izango.

Muskuiluak irekiko ditugu. Zartagin batean ardo zuria botako dugu eta jarraian muskuiluak sartuko ditugu. Di-da batean irekiko dira. Behin irekita daudenean, kazolatik atera eta laranja den haragia aterako dugu eta zati txikitxoetan moztuko dugu.

Ondorengo pausoan barazkiak erregosten jarriko ditugu. Hau da, tipula, piper berdea eta baratxuria. Olio pixka batekin, suabe-suabe erregosten jarriko ditugu, tako txikietan moztuta ditugula. Barazkiei muskuilu haragia ere gehituko diegu. Gatza gehituko diegu, barazkiek likidoa askatu eta errazago erregosteko. Ikusten dugunean barazkiak eginda daudela, tomate saltsa koilarakada bat gehituko diogu. Tomatea azken momentuan gehituko diogu, ez pegatzeko. Behin eginda dagoela erreserbatu egingo dugu.

Hurrengo pausoa beraz, bexamelari eskainiko diogu. Bexamela prestatzeko zartaginik itsasgaitzena aukeratuko dugu. Zartaginean olio zorrotada eta gurina gehituko dugu. Gurina urtzen hasten zaigunean gatz puntu bat gehituko diogu, eta irina ere gehituko diogu. Behin irina kozinatuta dagoenean, pixkanaka-pixkanaka esnea gehitzen joango gara. Esnea beroa baldin badago, errazago ligatuko da gure bexamela. Hagaxkaren laguntzarekin, buelta eta buelta ariko gara. Behin bexamelak loditasun ederra duela ikusten dugunean, barazki eta muskuilu nahasketa gehituko diogu. Apurtxo bat kozinatzen jarraituko dugu, bi zaporeak ondo uztartzeko. Lortutako masa hozten utziko dugu.

Azkenik, enpanadillak betetzen hasiko gara. Enpanadilla oreak hartu eta aurretik egindako masaz beteko ditugu, erditik tolestu eta izkinak tenedore baten laguntzarekin itxiko ditugu. Azken pausoan, labean sartuko ditugu, horrenbesteko koipe hartu ez dezaten. Labera sartzerakoan arrautzarekin margotuko ditugu. Arrautza irabiatu eta pintzelarekin margotuko ditugu eta sesamo hazi batzuk botako dizkiogu gainetik. 180 graduan, 15 minutuz izango ditugu labean.

 

OSAGAIAK

  • Kilo erdi muskuilu.
  • Piper berde zatia.
  • Tomate saltsa koilarakada.
  • Tipula erdia.
  • Baratxuria.
  • Ardo txuri baso erdia.

    Bexamela egiteko:
  • Litro bat esne.
  • 80 gramo irina.
  • 50 gramo gurina.
  • Oliba olioa
  • Enpanadilla oreak.
  • Arrautza bat.
  • Sesamo haziak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!