ERREZETA

Zamburiñak ajonesarekin

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2024ko mar. 15a, 17:00

Lehenik eta behin, zamburiñak hartu, eta laban baten laguntzarekin haragia oskoletik aterako dugu. Haragi zati horiek, olio pixka batekin zartaginean gorrituko ditugu. Sua emanez, buelta eta buelta pasako ditugu. Honela jada, gatz puntua gehituta jan daitezke.

Baina saltsa baten laguntzaz jan nahi izatekotan, orduan, hori guztia egin baino lehen, pauso bat atzera egingo dugu eta saltsa prestatuko dugu: ajonesa. Hau da, maionesa bat, baratxuria gehituta.

Honela, irabiagailu-edalontzian ondorengoak botako ditugu: bi behatz ekilore olio, gatz puntu bat, ozpin zorrotada txiki bat eta arrautza bat. Honi guztiari baratxuri bat zurituta gehituko diogu —erditik moztuta, eta erdiko zaina kenduta—. Orduan, irabiatzen hasiko gara, saltsa lortu arte. Gure saltsa beraz erreserbatu dezakegu behar dugun momenturako.

Hurrengo puntuan, oliba olio on bat hartuko dugu, perrexila txiki-txiki egingo dugu eta nahastuko dugu olio horretan.

Behin saltsak prest ditugula, zamburiñak egin, eta berriro ere oskol horren gainean haragia bueltatuko dugu, eta gainetik saltsak botako dizkiogu. Batetik, olioa eta perrexila; eta, bestetik, ajonesa.

Jateko orduan, dena batera ahoratu dezakegu. Zapore guztiak batera antzemateko.

 

OSAGAIAK

 

  • Dozena bat zamburiña.
  • Baratxuri bat.
  • Ekilore olioa, 100 ml.
  • Arrautza bat.
  • Perrexil birrindua.
  • Oliba olioa.
  • Ozpin zorrotada.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!