ERREZETA

Tomate konfitatua

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2023ko urr. 27a, 15:00

Lehenik eta behin, labea piztuko dugu, 150 graduan. Tenperatura nahiko baxua da, baina denbora dezentez mantenduko dugu gure errezeta bertan. Tomateak konfitatzea nahi dugunez, tenperatura baxuan ariko gara.

Hurrengo pausoa, tomateak garbitzea izango da. Uraren laguntzarekin ondo garbituko ditugu. Txortena kenduko diegu. Eta lehortzen utziko ditugu.

Tomateak erreserbatuta ditugula, baratxuriarekin eta tipularekin jarriko gara. Baratxuria zuritu gabe, goiko zatia moztuko diogu. Horrela, aleak goitik irekita geratuko dira, barrutik baratxuria ikusten dugula, azal eta guzti. Xarlota tipulei ere antzeko prozesua egingo diegu: goiko zatia kendu, mamian gelditu arte.

Labean sartzeko berezia den ontzi bat beharko dugu, ahalik eta txikiena hobeto. Bertan, tomatea, baratxuria eta tipula sartu behar ditugu. Ondoren, olioz bete beharko dugu ontzia. Ontzia geroz eta txikiagoa izan, orduan eta olio gutxiago erabiliko dugu. Olioa gehitu baino lehen, gatz pittin bat botako diegu gure barazkiei. Ondo nahastuko dugu, barazki guztiek gatz puntu hori izan dezaten. Orduan, gaina hartu arte gehituko dugu aipatutako olioa.

Jarraian, gure ontzi hau ordu eta erdiz edo bi orduz labera sartuko dugu. Horrela, gutxika konfitatzen joango dira gure tomateak. Horrenbestez, gozo puntua hartuko dute, oliotan.

Labetik ateratakoan, olioa berrerabili dezakegu. Izan ere, olio garbia izango da, baina tomate, olio eta tipula zaporearekin.

Barazkiak bestalde, hermetikoa den ontzi batera pasako ditugu. Horrela, momentuan erabiltzeaz gain, hozkailuan gordez gero, astebetean ere iraun dezake gure errezetak.

Tomateak bere horretan jan daitezke, edota arrain edo haragi bati laguntzeko osagarriak ere izan daitezke. Pasta baten saltsa moduan ere erabili dezakegu gure gaurko errezeta.

Beste proposamen bat izan daiteke ogitarteko bat prestatzea. Barazkia konfitatuak zanpa-zanpa jarriz dugun ogi artean.

 

OSAGAIAK

- Kilo erdi tomate cherry.

- Baratxuri buru oso bat.

- 3-4 xarlota tipula.

- Oliba olioa.

- Gatza (larria edo ezkatatan).

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!