ERREZETA

Gazta tarta

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2023ko ira. 1a, 16:58

Gazta tarta zale amorratuentzat erraz egiteko moduko urgentziazko errezeta da honakoa. Bi minutuan prest izan dezakeguna, mikro uhin labeari esker.

Gure tartatxo indibidual hauek egiteko, tazak edo madalena moldeak beharko ditugu.

Lehenik, arrautza irabiatuko dugu. Azukre koilaratxokada botako diogu; ondoren, gazta krema eta ricotta gehituko dizkiogu. Nahasten jarraituko dugu, eta azkenik, banilla esentzia gehituko diogu.

Ondorengo pausoa, gure nahasketa, gure tazatxoan dugula, mikro uhin labean minutu batez sartzea izango da, tenperatura tope dugula.

Arrautza daukanez, mamitu egingo da. Begiratuz gero, segituan ikusiko da, gure gazta tarta eginda dagoela, labean egiten dugun edozein tarta bezala. Punta zorrotza duen metala sartu, eta ikusten baldin badugu lehorra ateratzen dela, eginda dagoen seinale. Ikusiko bagenu, minutu bat pasa eta ez dagoela eginda, 10 segundoko kolpeak gehitu ahal dizkiogu.

Zerbitzatzeko orduan, erabili dugun taza txikia baldin bada, erraza izango dugu, platera baten laguntzaz buelta eman eta flana izango balitz bezala, platerera buelta emateko. Baina gosaltzeko tamainako taza bat erabili baldin badugu, nahiko zaila suertatu dakiguke buelta ematea; orduan, taza horretan bertan, koilararen laguntzarekin jango dugu, jogurta izango balitz bezala.

Apaintzeko orduan, gailetatxo bat erabiliko dugu. Eskuen laguntzarekin txikituko dugu, eta gainetik botako diogu. Azkenik, marmelada ere gehituko diogu. Marmelada solidoegia baldin bada, ur tantatxo batzuk bota ahal dizkiogu, likidoagoa bihurtuko da, eta nahasketa hau gure gazta tartari gainetik botako diogu. Marrubi edo gerezi marmelada oso ondo doakio honako tartari. Eztia edo txokolatea ere erabili daiteke marmeladaren ordez.

OSAGAIAK

TARTA TXIKI BAKOITZARENTZAT

- Gazta krema koilarakada bat.

- Ricotta koilarakada bat.

- Arrautza bat.

- Banilla esentzia tanta batzuk.

- Gailetatxo bat.

- Marmelada koilarakada bat.

- Azukre koilarakadatxo bat.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!