ERREZETA

Luzoker entsalada

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2023ko uztailaren 21a

Entsalada fresko bat ekarri dugu gaurkoan gure errezeten txoko honetara. Luzoker edo pepino entsalada, alegia. Bertako baratzeetan topatu daitekeen barazkietako bat da luzokerra. 

Lehenik eta behin, luzokerra garbituko dugu. Azala oso lodia baldin bada, azala kendu beharko genioke. Bestela, uretan garbitzearekin nahikoa izango da.

Ondoren, moztea egokituko zaigu. Mandolina baten laguntzarekin, azal eta guzti, fin-fin moztuko dugu. Une honetan, gatz lodia botako diogu gainetik. Gatzetan, bol batean utziko dugu, erreserbatuta, hamar bat minutuz. Honela, likidoa askatuko du eta garraztasuna arinduko diogu.

Bitartean, aliñoa prestatuko dugu. Ondorengo osagai guztiak nahastuko ditugu: txiki-txiki egindako baratxuria, Ibarrako pipermin hautsa —pikante puntua emango dio—, soia saltsa, ozpina eta sesamo olioa. Bote batean sartuta, ondo nahastuko ditugu gure osagaiak.

Gatzetan utzi dugun luzokerra uretatik pasako dugu, jarraian. Sobera duen gatza kendu diogu honela. Ondoren, gure aliñoa gainetik botako diogu.

Fresko-fresko jan nahi izatekotan, komenigarria da hozkailuan sartzea prestatu dugun entsalada. Behar dugun momenturako, prest egongo litzateke gure gaurko errezeta.

Behin, platerean zerbitzatzen dugunean, nahi izanez gero gatz eta olio apurtxo bat gehiago gehitu ahal diogu. Eta, azkenik, apaintzeko sesamo haziak gaineratuko dizkiogu.

OSAGAIAK

- Luzoker bat.

- Gatz lodia (bi koilarakada).

- Baratxuri bat.

- Ibarrako piper hautsa.

- Soia saltsa koilarakada bat.

- Ozpin koilarakada bat.

- Sesamo olio koilarakada bat.

- Sesamo haziak.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!