ERREZETA

Esne frijituak

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2023ko eka. 30a, 07:58

Azkenburuko bat aspaldi ez dugunez prestatu, gaurko proposamena horixe izango da: esne frijituak. Ikasturte amaieran goxoa beharko dugu eta.

Torrijen nahiko antzekoa izan daiteke, baina ogia beharrean, esnez egindako orea bat prestatuko dugu barruan.

Lehenik eta behin, bost baso esne hartuko ditugu eta kazola batean botako ditugu, kanela zotzarekin batera. Berotzen jarriko dugu esnea, suabe-suabe. Esnea ezin zaigu erre!

Bestaldetik, beste bol batean, baso esne bat, azukre baso bat, eta irin baso bat nahastuko ditugu. Jarraian, beraz, nahasketa hau, sutan dugun esne eta kanela horretara gehituko dugu. Irakiten hasten denean, sutik aterako genuke. Hala ere, aldiro-aldiro nahasten joan beharko gara, bestela, itsatsi egingo zaigu, irina bota dugulako.

Sutik ateratzen dugunean, ontzi zapal batean bota dezakegu, hozten uzteko. Komenigarria da ontzia zabala izatea eta altura gehiegirik ez ematea. Kanela aukeran; hau da, erretilura pasatzerakoan jada kanela zotza kendu dezakegu, edo nahiago badugu, nahasketarekin batera utzi dezakegu gure erretiluan. Nahasketa behin hozten denean, solidotu egingo da, eta natilla gogor baten moduko itxura hartuko du. Orduan, labana sartu eta laukitxoak moztuko ditugu.

Jarraian, arrautza irabiatuko dugu eta azukre apurtxo bat gehituko diogu. Gure laukitxoak irinetatik pasako ditugu, eta jarraian, arrautzetatik pasako ditugu. Ondoren, oliotan frijituko ditugu.

Sukaldeko papera jar dezakegu, zartaginean xurgatutako olio hori askatu ahal izateko. Bero daudenean, gainetik azukrea eta kanela hautsa bota ahal diegu. Jateko garaian, epelak jan daitezke, baina baita hotzak ere.

OSAGAIAK

- Bost baso esne.

- Kanela makil bat.

- Baso bat irina.

- Baso bat azukre.

- Arrautza bat.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!