Errezeta honek duen punturik zailena antxoak garbitzea da. Normalean, arrandegian erosten ditugunean burua eta tripak kenduta saltzen dituzte. Baina, bestela, behatz lodia buruaren atzetik sartu, beheraka tira eta behatz lodi horrekin tripak aterako genituzke. Ondoren, erdiko hezurra kendu beharko diogu. Antxoa beteak egingo ditugu eta. Orduan, hezurra kentzeko, tripatik itsats aldera behatz lodia sartu eta alde bat irekiko genuke eta azkenik, erdiko hezurra kenduko genuke. Kontuz egingo dugu honako pausoa, interesatzen zaigulako liburu bat bezala irekita gelditzea gure antxoa. Baten bat hausten baldin bazaigu ez da ezer gertatzen. Hala ere, antxoak handiak baldin badira, errazago moldatuko gara.
Behin garbi ditugula, pikillo piper potea irekiko dugu eta piperrak tiratan moztuko ditugu. Piper bakoitza sei bat zatitan moztuko dugu. Horrelako tira bakoitza antxoa bakoitzean sartuko dugu. Eta ondoren, antxoa liburuxka imajinario hori itxi egingo dugu. Orduan, antxoa itxita eta piperra barruan duela geratuko zaigu.
Behin antxoa denak prest daudenean, gazituko ditugu. Jarraian, arrautza-irinetan pasako ditugu. Ohiko eran egin daiteke irina eta arrautza normalarekin pasa eta ondoren frijituz, baina gaurkoan, maizena erabiliko dugu. Zeliakoentzat jateko modukoa bihurtuko dugu horrela. Maizena glutenik gabea eta artoarekin egina delako, hain zuzen ere. Bost koilarakada maizena hartu, bol batean jarri eta bi arrautzak gehituko dizkiogu eta dena irabiatuko dugu. Orea potolo bat lortuko dugu horrela. Tenpura estiloko bat lortuko dugu. Antxoak ore honetan sartuko ditugu, kontuz, banan-banan.
Zartagina olio dezenterekin prestatuko dugu. Olioak beroa egon behar du baina su ertainean, antxoa ondo egin dadin. Jarraian, frijituko ditugu, pare bat minutuz alde bakoitzetik. Jateko moduan!
OSAGAIAK
- Kilo bat antxoa.
- Pikillo piper pote bat.
- 2 arrautza.
- Maizena (5 koilarakada).
- Gatza.
- Olioa.