ERREZETA

Orburuak urdaiazpikoarekin

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2023ko mar. 3a, 07:58

Gaurkoan inor axolagabe uzten ez duen errezeta dator: orburuak. Aldekoak oso aldeko dira eta kontrakoak oso kontrako. Niretzat ahogozagarri bat dira. Natural erostean lan handia eskatzen dute garbitzen. Baina, eskatzen duten lana ikusita, poza handia ematen dute jateko orduan.

Tolosako Azokan orburuak erosteko aukera badago, Nafarroatik ekarritakoak izaten dira.

Lehenik, jakin beharrekoa da orburuak ondo garbitu behar direla. Izan ere, jatekoa bihotza baino ez da. Garbitu esaterakoan, hostoak kentzeaz ari gara. Loreei egingo geniekeen moduan, hostoak banan-banan kentzen joan beharko gara, bihotz txiki-txikia geratu arte. Bihotzaren inguruan hostoak bigunak izango dira, erraz antzemango dugu. Zurtoina ere garbitu beharko dugu, inguruan hostoak kenduz.

Orburuak segituan oxidatzen dira eta garbitzen denbora bat pasako dugunez, belzten hasiko zaizkigu. Ur hotz-hotzetan mantendu ditzakegu, izotzarekin eta limoi zorrotada batekin, belztasun hori ekiditeko.

Behin garbitu ditugula, hurrengo pausoa egoztea izango da. Ura gatz puntu batekin prestatuko dugu; irakiten hasten denean orburuak botako ditugu. 15-20 bat minutuz egosten utziko ditugu. Al dente utziz gero, hau da, erabat-erabat egosi gabe utziz gero, ez du gehiegi axola; izan ere, azken momentuan saltsa batean sartuko ditugu. Egoste-puntua ziurtatzeko, sardexka bat sartuz egin daiteke.

Behin egosita, erditik moztuko ditugu. Jarraian saltsa prestatzen hasiko gara. Horretarako, tipula eta baratxuria txiki-txiki eginda kazola batera bota eta su-eztitzen jarriko ditugu. Gatz puntua gehituko diogu, tipulak bere ura aska dezan. Behin tipula eginda dagoenean, irina koilarakada bat gehituko diogu. Jarraian, orburuak egosi ditugun ur horren basokada bat edo bi ere gehituko dizkiogu. Honela, saltsa goxo bat lortuko dugu. Jarraian, orburuak bertan sartuko ditugu eta zerbitzatzeko moduan egongo dira.

Urdaiazpikoa kurruskari eran prestatuko dugu, platerari azken unean gehitzeko. Mikrouhin labean minutu batez berotuta, xerrak plater batean zabalik jarrita, kurruskari hori lortu daiteke. Jateko prest!

 

OSAGAIAK

- Dozena erdia orburu.

- Bi baratxuri hortz.

- Tipula erdia.

- Irina koilarakada bat.

- Olioa.

- Gatza.

- Urdaiazpiko xerra bat, pertsonako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!