ERREZETA

Limoizko bizkotxoa

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2023ko urt. 27a, 07:58

Data bereziei begirako errezeta bat falta zen Errezeten Txoko honetan, eta horri erantzunez proposatutako dizuet limoizko bizkotxoa.

Umeak diren etxeetan, urtebetetzeak iristen direnean, bizkotxoa eraman behar izaten dugu eskolara. Eta behar horri erantzunez prestatu dut gaurko errezeta; bizkotxorik errazena, limoizkoa, alegia.

Lehenik eta behin, labea piztuko dugu, 180 graduan eta haizea martxan daukala. Jarraian, bol batean gure osagaiak nahastuko ditugu. Lehenik, arrautzak irabiatuko ditugu, bai eskuz edo irabiagailu elektriko bat erabilita. Ondo harrotuko ditugu arrautza horiek, ondo haizeztatuta gelditu daitezen. Gero pixkanaka-pixkanaka gehitzen joango gara ondorengo osagaiak; lehenik, likidoak direnak eta jarraian, solidoak. Olioa, jogurta eta limoi zukua edo esentzia botako ditugu. Esentziak egia esan, bizkotxoa gehiegi busti gabe nahikoa zapore emango dio gure bizkotxoari. Baina egia esan, norberaren hautua da esentzia edo zukua erabiltzea. Hirugarren aukera limoi-jogurta erabiltzea litzateke. Baina zaporedun jogurtek dagoeneko azukrea ere izaten dute eta beraz, kontuan hartzekoa ere bada.

Likido diren osagaiak bota dizkiogu jada eta jarraian azukrea botatzea egokituko zaigu: bi baso azukre. Irina eta legamia datoz jarraian. Bota aurretik, bitsadera batekin ondo iragaziko ditugu. Gutxika-gutxika botako ditugu, inongo pikorrik ez gelditzeko. Hau nahiko garrantzitsua izaten da; askotan ahaztu egiten da eta gero masan antzeman egiten da.

Behin orea prest dugunean, labera sartuko dugun moldea prestatuko dugu. Hau da, moldearen izkinak gurinarekin pasa ahal ditugu, bizkotxoa pegatuta geratu ez dadin. Beste aukera bat laberako orri sulfuratu txuri horietako bat erabiltzea litzateke. Orea botako dugu gure moldean eta labean sartuko dugu, 180 graduan dugula. 30 bat minutu beharko ditugu gure bizkotxoa prest izateko.

OSAGAIAK

- 3 arrautza.

- Limoi baten zukua.

- Baso bat greziar jogurta.

- Baso bat olio.

- Bi baso azukre.

- Hiru baso irina.

- Legamia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!