ERREZETA

Marmitakoa

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2022ko urriaren 28a

Udako errezeta bada ere, koilararekin jaten den platera denez gaurkoan honako orrietara ekartzeko baliatu dugu. Bada plater bat etxe bakoitzean bere trukoak, bere osagaiak eta bere egosteko moduak dituena. Hortaz, jarraian datorkiguna nire etxeko marmitako proposamena da.

Lehenik eta behin, barazkiak garbituko ditugu. Horretarako, baratxuria eta tipula zuritu eta zatitxoetan moztuko ditugu. Piper berdea eta piper gorria garbitu eta zatitxoetan moztuko ditugu. Hauek guztiak, su-eztitzen jarriko ditugu. Horretarako, nahiko zabala den kazola bat prestatuko dugu eta olioa —hiruzpalau koilarakada— gehituko dugu. Hau da, ipurdi guztia olioztatuko dugu eta bertan botako dugu tipula, baratxuria, piper gorria eta piper berdea. Su-eztitzeko onena, momentuan gatza botatzea da. Horrela, tipulak bere ura askatuko du eta goxo-goxo egiten joango da. Tipularekin adi ibili beharra dago, ez erretzeko, gure platerari mikatz zaporerik ez emateko. Goxo-goxo izango dugu su-baxuan eta noizbehinka bueltak emango dizkiogu. Ibarrako pipermin hautsa oraintxe gehituko diogu gure errezetari.

Behin barazkiak goxo-goxo gorrituta ditugunean, patata prestatuko dugu. Zatietan moztuko dugu patata, klak eginez, almidoia askatzen duelako horrela eta saltsa potolotzea komeni zaigulako. Orduan, patatak gehituko ditugu gure kazolan eta pare bat buelta emango diegu. Patatak barazkiekin ondo nahastu direnean, arrain fumé-a gehituko diogu. Ordu erdiz sutan utziko dugu patatak bigundu arte.

Hegaluzearekin lanean jarriko gara; garbitu eta erdiko hezurra eta azala kenduko diogu eta takotxoetan moztuko dugu, handi samarrak. Barazkiak gatzaz nola dauden probatuko ditugu, dena ondo baldin badago, sua itzaliko dugu. Eta sua itzalita dugula, hegaluzea gehituko dugu. Apurtxo bat nahastuko dugu, gehiegi zanpatu gabe eta tapatuta utziko dugu, 5-10 minutuz. Hegaluzea berotasun horrekin egingo da, barrutik samurra mantenduz. Jateko prest!

 

OSAGAIAK

  • Hegaluzea (kilo bat).
  • Patatak (5 handi).
  • Tipula (1).
  • Piper berdea (erdia).
  • Piper gorria (zatitxo bat).
  • Baratxuria (1).
  • Arrain fumé-a.
  • Ibarrako pipermin hautsa.
  • Olioa.
  • Gatza.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!