Tomate tartarra

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2022ko uzt. 7a, 11:42

Azoka Lagunak ekimenaren barruan Sonia Tapiarekin tomate tartarra egin genuen joan den astean. Ikasturteko azken errezeta horixe izango da, beraz. On egin!

Gaurkoan errezeta berezia ekarri dut txoko honetara; izan ere, orain dela gutxi Azoka Lagunak ekimenean parte hartu nuen eta bertan probatutakoa erakutsiko dizuet. Sonia Tapiak eskaini zuen azken sukaldaritza ikastaro hau.

Errezeta beganoa da eta oso-oso goxoa. Udararako errezeta ezin hobea.

Tomate heldu bat aukeratuko dugu. Lehenik eta behin, zurituko dugu. Moztu aurretik barruko pipita guztiak kenduko dizkiogu eta haragi itxurako partea dadotxoetan moztuko dugu, ahalik eta uniformeena. Gure platera apain-apain geratzeko dado hauek uniformeak izatea komeni da. Behin tomatea moztuta dugunean, iragazki batean utziko dugu 15 bat minutuz, ur guztia aska dezan.

Behin denbora pasatakoan, bol batera botako dugu gure tomatea, jarraian gainontzeko osagaiak gehitu ahal izateko. Mostaza edo ziape koilarakada bat gehituko diogu, baita tipula morea —dado txiki-txikietan—. Jarraian, perrins saltsaren bi tantatxo gehituko dizkiogu. Behin alkaparrak edo kaparrondoak txiki-txiki moztuta ditugula, gure nahasketara ere gehituko ditugu. Albaka hosto fresko bat ere gehituko diogu; bat nahikoa da behar duen zaporea emateko. Izan ere, albaka freskoa denean oso aromatsua da eta. Azkenik, oregano lehor apurtxo bat ere gehituko diogu. Osagai guztiak botata ditugunean beraz, dena ondo nahastuko dugu.

Gatza azken-azken momentuan gehituko diogu. Izan ere, barazkiei gatza gehitzeko orduan, ura askatzen dute. Eta guk plater lehorra behar dugu.

Azkenik, gure elaborazioa platerean polit-polit jartzea geratuko zaigu. Sukaldaritzako eraztun bat erabiliko dugu. Bertan sartuko dugu gure tomate nahasketa, ondo zanpatuko dugu, eraztuna kentzen dugunean forma manten dezan. Zerbitzatzeko garaian gatz puntua gehituko diogu eta jateko prest izango genuke gure tomate tartarra. Egia da tomate tartarrak oso ondo hartzen duela ahuakatea. Gainetik ere xaflatan jarrita polit eta goxo geratzen da.

OSAGAIAK

- Tomate heldu bat (pertsona bakoitzeko). Segituan datozen osagaien kopuruak tomate bakoitzarentzat dira:

- Mostaza saltsa koilarakada bat.

- Perrins saltsa (bi tanta).

- 3 alkaparra edo kaparrondo.

- Albaka hosto fresko bat.

- Oregano lehorra.

- Gatz lodia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!