Zapore andaluziarrak: garbantzuak ziazerbekin

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2020ko urt. 17a, 12:00

Negurako errezeta aproposa proposatu du, gaur, Aintzane Artolak: garbantzu edo txitxirioak, ziazerbekin. Prestatzen erraza, eta errazagoa jaten.

Garbantzuak eta ziazerbak, errezeta andaluziarra ekarri du Aintzane Artolak, bere txokora. Lekaleak eta barazkiak uztartzeko modu erraza, negurako aproposa.

 

Lekale plater bat, indarra ematen digun horietakoa. Errezeta Sevillan oso tipikoa omen da. Nutrizionistek asko gomendatzen dute lekaleak berdurekin nahastea, beraz plater ezin aproposagoa da gaurkoa.

Dagoeneko egosita erosten diren txitxirio potea erabili dezakegu. Bestela, nik askotan egiten dut garbantzu kilo bat egosi dena batera, garbi. Ur eta gatzarekin soilik eta sobratutako garbantzuak izozkailuan gordetzen ditut, hurrengo baterako. Hurrengo errezeta baterako prest utzi ahal ditugu honela. Edozein barazkirekin nahastuta ederrak egoten baitira. Garbi-garbi egosiz gero, erabilgarriak geratzen dira. Esaterako, humus bat egiteko.

Lapiko azkarrean egosi daitezke txitxirioak. Hori bai, bezperan beheratzen jartzeaz gogoratu behar gara. Hamabi bat orduz uretan egon behar dira. Horrela bigunduko zaizkigu. Lapiko azkarrean 25 bat minututan jarriko ditugu, ura eta gatza soilik erabilita.

Bestetik, zartagin batean olioa jarriko dugu, bertan baratxuria txiki-txiki eginda botako dugu, pixka bat gorritu arte bertan mantenduko dugu. Gainera piper hautsaren bi koilarakada gehituko dizkiogu. Kontuz ibili beharko gara ez erretzeko; errez gero mingotsa geratuko zaigu eta.

Ondoren, ziazerba gehituko diogu. Horretarako garbi-garbi prestatuko dugu, uretatik pasata. Niri adibidez, hostoa erabiltzea gustatzen zait; zuztarra kendu egiten diot eta eskuarekin zati txikiak egiten ditut. Zartaginean bota eta tapatuko genuke; bertan 5-10 minutuz mantenduko genuke, su baxuan.

Azkenik, txitxirioak bertara botako ditugu eta beste 10-15 minutuz bertan kozinatuko ditugu, su baxu-baxuan, zaporea hartzeko. Behar izanez gero gatz puntu bat gehituko genioke eta platerean zerbitzatzeko orduan beste piper hauts apurtxo bat gehiago gehituko genioke, bai apaintzeko eta baita azken puntutxo hori emateko ere.

OSAGAIAK


150 gr. txitxirio egosita (eskukada bat pertsonako).

200 gr. ziazerba.

Baratxuri bi hortz.

Olioa.

Ibarrako piper hautsa.

Gatza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!