Intxaur saltsa krepea

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2018ko abe. 20a, 12:26

Aintzane Artolarekin intxaur saltsa egiten ikasi dugu, eta krepea ere egin dugu, ondoren intxaur saltsarekin betetzeko.

Gabonen bueltan garai batean ohikoa zen intxaur saltsa ekarriko dugu, baina guk zertxobait bereziago egiteko intxaur saltsaz beteriko krepeak egingo ditugu. Intxaurra bertako fruitua denez oso ohikoa zen, eta postre moduan erabiltzen zuten intxaur saltsa Gabon egunen bueltan. Garai batean, berriz, bijilia egunak ziren eta ezin zenez haragirik jan, bakailao saltsa loditzeko erabiltzen zuten. Baina guk ez dugu bakailaorik erabiliko eta intxaur saltsa prestatzen hasiko gara.

Esne pixka bat aparte utziko dugu, eta beste guztia esne-gainarekin eta kanela zotzarekin batera jarriko dugu berotzen. Irakiten hasten denean sua itzali egingo dugu, eta lapikoa tapatuta jarriko dugu 10 bat minutuz.

Bitartean, birringailuan, intxaurrak eta azukrea, biak batera jarriko ditugu. Birringailurik ez badugu etxean, motrailu edo morteroan txikitu ditzakegu. Zergatik sartzen ditugu biak batera? Intxaurrek txikitzean duten olioa askatzen dute, eta guk olio hori ez galtzeko azukrea jarriko diogu, horrela azukreak xurgatuko digu olio hori. Komeni da beti biak batera txikitzea.

Gorde dugun esne hotz apurrari, maizena koilarakada botako diogu, eta baita arrautza gorringoa ere. Maizena nahasteko, beti hotzean nahastu behar da, beraz horregatik gordeko dugu esne pixka bat. Eta guztia ondo-ondo nahastuko dugu.

Jarraian, tapatuta utzi dugun eltzera, hau da, esnera botako ditugu bai intxaur txikituak eta baita maizena ere. Eta berriz irakiten jarriko dugu, kanela zotza aterata. 10-15 minutuz irakiten utziko dugu, eta loditzen hasiko da. Ez zaigu komeni oso-oso lodia izatea krepeak betetzeko erabili behar dugulako. Pure likido bat izatea komeni da.

Ontzi batera aterako dugu eta lau bat orduz hozten utzi behar dugu egin dugun saltsa. Berez, jateko moduan egongo litzateke, horrela jaten da, hau da, epela jan daiteke edota natilla edota arroz-esne bat bezala. Baina guk hozten utziko dugu, betegarri moduan erabiltzeko, gorputza hartu dezan.

Krepeak, buelta eta buelta

Krepe guztiak berdin egiten dira. Kasu honetan intxaur saltsarekin beteko ditugu, baina kakao krema batekin edo esne-gainarekin bete ditzakegu. Bere horretan ere jan ditzakegu gosaltzeko esaterako. Eta gaziak egin nahi baditugu, azukrea kendu, eta listo.

Kasu honetan garrantzitsua da osagaien kantitateak zehatz erabiltzea, eta guztiak ontzi batean jarriko ditu, baina lehenengo likidoak jarriko ditugu eta jarraian solidoak gehituko ditugu irabiagailuarekin nahasteko.

Dena irabiatuta dugunean, zartagin bat jarriko dugu berotzen. Gurin pixka batekin igurtziko dugu, baina orain zartagin askok ez dute gurinik ere behar ez direlako itsasten.

Zartagina bero-bero dagoenean likido pixka bat botako dugu zartaginaren ipurdi guztira zabalduz, eta pixka bat itxaron ostean buelta emango diogu krepeari. Ahal dugun moduan, nik, behatzekin egiten dut.

Trukoa, espatula batekin iskinak pixka bat harrotzea izango litzateke, eta jarraian behatzekin hartu eta azkar batean buelta ematea. Buelta ematean beste segundo batzuk itxaron eta hurrengoa egitea izango litzateke, buelta eta buelta, likido guztia amaitu bitartean. Esan behar da, lehenengo krepea beti gaizki ateratzen dela, ez kezkatu horrekin.

Forma ematea

Lau orduz itxaron ostean edota bezperan egin dugun intxaur saltsa hori hartuko genuke, eta krepearen gainean jarriko genituzke pare bat koilarakada. Ondo zabalduko genuke azalera osoan, eta aukera bat hiruki itxura ematea izango litzateke: erditik tolestu, eta berriz ere erditik tolestu. Hau da, beti itxura edo forma horrekin ikusi ditugu krepeak. Bestela, biribildu egin ditzakegu rollito antzeko bat eginez.

Polit jarri nahi baditugu, azukre hauts pixka bat bota diezaiokegu gainetik. Kanela zaleak bagara, kanela hauts pixka bat ere bai.

Eta norbaiti intxaur saltsa ez bazaio gustatzen konpotarekin ere bete daitezke.


OSAGAIAK

INTXAUR SALTSA

· 100 gramo intxaur zurituta

· 250 mililitro esne-gain

· 250 mililitro esne

· kanela zotz bat

· 80 gramo azukre

· Koilarakada bat, arto irin fina (maizena)

· Arrautza gorringo bat

KREPEAK

· 3 arrautza

· Litro erdi esne

· 250 gramo irin

· 75 gramo azukre

· Gatz pixka bat

· Gurin pixka bat

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!