ERREZETA

Ardo beroa

Erabiltzailearen aurpegia Ainitze Sala 2026ko urtarrilaren 18a

Hotza iritsi den honetan, ardo beroa edari aproposa da. Nik 13 urterekin ezagutu nuen, Austrian. Amari esker bidaiatu nuen hara, bertako baserritar lagun-minak bisitatzera joan ginelako.

Gogoan dut Gabonetan baserrira sartzean usain goxo-goxoa sumatu genuela: amona sukaldean ari zen, kazola bat poliki nahasten. Glühwein prestatzen ari zen —hala esaten diote austriarrek ardo beroari—. Usain berezia zen benetan, espezie askorekin egina baitzegoen: kanela, kardamomoa, iltzea… Une hartan bertan eskatu nion errezeta baserriko amonari.

Azken batean, glühwein-a ardo beroa, edo nolabait esateko, sendatzen duen ardoa da. Neguko edaria da, eta Europa iparraldean hartzeko ohitura dute erromatarren garaitik. Oroitzapen oso politak dakartza niri: Austrian ezagutu nuelako, suaren inguruan, familia osoa bilduta; lurrunak eta usainak airean, eskuak katiluaren berotasunean, kanpoan elurra eta barruan sekulako hotzaren babesa… Elkartzeko aitzakia izan zen orduan, eta bada oraindik ere. Arratsalde osoan edaten dute austriarrek, askotan pastel batekin lagunduta, baita haurrek ere.

Ardo beltzak zirkulazioa aktibatzen du, eta, sendabelarrekin prestatuta dagoenez, digestioa eta sistema immunologikoa indartzen laguntzen du. Honela, arratsalde-iluntzean, afariaren aurretik hartzeko edari egokia izaten da.

Pausoz pauso

Ardoa kazola batean jarriko dugu berotzen, su baxuan, prozesu osoa tenperatura leunean eginez. Epeltzen hasten denean, laranja osoa gehituko diogu —azal eta guzti, xerratan moztuta—, baita limoi zati bat ere. Ondoren, sendabelarrak eta espeziak gehituko ditugu:

Kanela txotxa, osorik: berotasunaren erregina, odol-zirkulazioa aktibatzen du eta digestioan laguntzen du.

Bi iltze: antiseptikoa, arnas aparaturako oso egokia.

Jenjibre fresko zatitxo bat: barrutik berotzen du, immunitatea indartzen du eta urdailari mesede handia egiten dio.

Kardamomo bizpahiru hazi: digestioa arintzen laguntzen du.

Koilarakadatxo bat melisa eta izpilikua edo labanda: nerbio-sistema lasaitzen dute eta arnas aparatuan laguntzen dute.

Erromero txotx bat: burua argitzeko eta zirkulazioa aktibatzeko.

Osagai guztiak su baxuan edukiko ditugu, kazola estalita. Garrantzitsua da irakin ez dezan, sendabelarren propietateak gal ez daitezen. Horrela utziko dugu 20-30 minutuz. Denbora horretan, prestatzen ari garen edariaren usainak lasaitasuna zabalduko du etxe osoan.

Amaieran, edan aurretik, iragazi egingo dugu eta ezti koilarakada bat gehituko diogu.

Edateko unea iritsiko da orduan. Gogoan izan edari honen atzean istorio bat dagoela, sendabelarren jakinduria eta oroitzapen berriak sortzeko aukera. Izan dadila ardo beroa elkarrekin momentu berezi bat partekatzeko aitzakia.

OSAGAIAK

  • Ardo beltza.
  • Kanela.
  • Iltzea.
  • Jenjibrea.
  • Kardamamoa.
  • Erromeroa.
  • Izpilikua.
  • Melisa.
  • Eztia.
  • Limoia.
  • Laranja.
Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!