[Aulkitik] Aldapan gora, pausorik pauso

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Garikano 2016ko aza. 17a, 13:29

Iritsi zen larunbata, aste guztian itxaroten ari ginen eguna. Astean zehar gogor entrenatu genuen Pauldarrak B-ren aurkako norgehiagokan pentsatzen. Aurreko asteetako emaitzak ez ziren onak izan eta Pauldarrak sailkapenean non zegoen ikusita, irabazteko aukera paregabea genuela pentsatu genuen.

Barakaldora autobusean joan ginen, gehienak liburuak edota apunteak eskuartean genituela abiatu ginen, ikasteko asmoz, baina bidaia hasi eta berehala jarri zuten musika bozgorailuetatik eta Mireia eta Izaroren kantuekin, ezinezkoa zen ikastea.

Azkenean iritsi ginen helmugara. Imanolek azken hitzak esan eta gogotsu atera ginen zelaira.

Lehenengo zatia hasi eta berehala izan genituen gola sartzeko aukerak, baina zoritxarrez, kontraeraso batean iritsi zen Pauldarraken lehenengo gola. Guk ez genuen etsi eta horrela iritsi zen Zuriñeren gola, penalti baten bidez. Golak, borrokatzen jarraitzeko arrazoi gehiago eman zizkigun eta lehenengo zatia bukatzear zegoela, gure kapitainaren, Mireiaren gola iritsi zen.

Bigarren zatia gorabehera handikoa izan zen. Hasi eta denbora gutxira sartu zuen Oihanak gure hirugarren gola. Bizkaitarrek ordea ez zuten etsi eta markagailua estutzea lortu zuten falta bati esker. Guk ordea, gogor eutsi genion partidari eta bi eta hiruko markagailuarekin amaitu zen norgehiagoka.

Zazpi jardunaldi jokatu ondoren, azkenean lortu genituen hiru puntuak. Oso garrantzitsuak izan ziren arnasa hartzeko eta aldapan gora joateko. Etxetik kanpoko lehenengo hiru puntuak izan ziren, gainera, eta ziur nago ez direla azkenak izango. Ez etxean ez eta etxetik kanpo ere!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!