1956. urtean Herriko bozak izeneko antzezlana idatzi zuen, Hazparnen estreinatu zena. Hauteskundeetaz ari da, bozek sortzen duten giroaz, nahasmenduaz eta jendearen jokamoldeez. Hala dio bere hitzaurrean : « bozkatzea da urrats errespetagarri eta zintzo bat, emeki eta nekez bereganatu den eskubide bat ». Galdetu emakumeei nola lortu zuten oinarrizko eskubide hori ! Eta segitzen du : « zorigaitzez eskubide errespetagarri hori ez da beti errespetuki baliatua ». Txuriak eta gorriak aipatzen dira obra honetan, txuriek ardo txuria edaten dute, gorriek ardo gorria, bozken egunean behintzat, batzuk erabat mozkortu arte. Eta ostatuko emakumeak trikimailu guztiak behatzen ditu barraren beste aldetik, kanpaina ostatuan burutzen baita.
Umoretsua da antzerki hau baina ironia ere ez zaio falta.
Ate joka dugu apirilaren 28a eta kanpaina ostatuetan izateaz gain, kalean eta komunikabideetan izan dugu batez ere. Ez da kanpaina orijinala izan. 1956. urtean idatzia izanagatik, aipatutako antzezlanak ez du gaurkotasunik galdu, txuriak eta gorriak hor daude beste batzuen artean, eta bakoitzak bere ardotik edaten du, sikiera kafe bat edango balute tarteka !
Politika egin behar da eta benetan egitea nahi nuke, baina politikaren izenean egiten den zirko eta saltsa zikin hori ez mesedez !