Kale Kantoitik

Barruan

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Elizondo 2017ko aza. 29a, 12:10

Bonjour esan digu funtzionarioak, eta guk gure nortasun agiriak utzi ditugu lehiatilan. Hotz egiten du, hotz lurralde arrotz honetan. Musika klase guztiak entzun ditugu honainoko bidean, kantari ere ibili gara tarte batean, bidaia luzea izan baita. Baina gogoz gaude, sabelean zerbait mugitzen hasi zaigu. Urdaiazpiko iberiko pixka bat eta zure alabatxoaren argazkiak dakarzkigu ondo gordeta, bular eta ipurdietan. Ea detektagailuak ez digun disgustorik ematen.

Hamar bat ate pasa ditugu eta hemen goaz lehen batailatxoa irabazita. Beti aitzina! Zuek hasi zarete ateratzen banazka. Denok beha gaude, ea noiz aterako den gure presoa. Lehenik aitona bat atera da, ijitua, dotore dotore jantzita plastikozko lore sorta eder batekin. Makinako kinder bueno gehienak atera, eta bere bilobei oparitzeko eskatu dio emazteari. Ondoren, gazte afro bat, gihartsua eta altua, muxu eder bat eman dio amari, egiazko patxoa. Apaiz kolonbiarra izan da hurrengoa, gaztea hau ere. Gauero negarrez somatzen omen duzue bere ziegan. Honen atzetik, gizon arabiar bat, zain zituen haurdun dagoen emaztea eta zazpi seme alabak, denak korrika joan dira aita agurtu eta besarkatzera. Eta halako baten Gorka, Zigor, Gurutz, Jon, Mollejas eta zu, Axier. Hau poza gurea, ze besarkada estuak, aupalak eta muxu goxoak!. Mundua gelditu da guretzat goiz hontan, ez dugu telefonorik, ez dugu ateetako giltzik... eta kartzeleroen menpe gaude. Baina berdin zaigu, elkarrekin gaude, gure territorio librean gaude, eta euskarazko hitz bakoitzak urrezko balioa du. Iberikoa mundiala dago, eta malko ttiki bat erori zaizu alabaren argazkiekin. Niri ere beste bat.

Zuen abizenak hasi dira esaten pixkanaka, despedida dator. Zure hatz marka makinan pausatu aurretik, atzera begiratu duzu, gu geunden tokira. Eta begirada xamur horrekin zerbait lehertu zait barruan. Barru barruan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!