Kale Kantoitik

Izenak

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Elizondo 2017ko urr. 4a, 18:09

Ikasturte berria martxan dugun honetan, hezkuntza munduari dagozkion gauza asko aipa genitzake. Euskaraz ikasiko duten ikasle kopuruen datuak, murrizketen kontra irakasleek egingo dituzten lanuzteak, proiektu pedagogiko berrien abiatzea… baina gaur fokoa beste nonbait jarri nahiko nuke.

Tolosaldean baditugu makina bat eskola zein ikastola. Esatebaterako, Zizurkilgo San Millan eta Pedro Mari Otano eskolak, Alegiako San Juan, Berrobiko San Andres, Asteasuko Pello Errota, Altzoko Imaz bertsolaria, Lizartzako Juan XXIII eskola ere hor dugu, Tolosako Samaniego eta Orixe, Villabonako Fleming… denek badute zerbait amankomunean, eskola publikoak izanik ere, gizonezko baten izena dutela. Adierazgarria oso. Badira era berean, izen toponimikoak edo herriarekin zerikusia duten izenen jabe diren ikastetxeak, hala nola, Ibarrako Uzturpe ikastola, Aduna, Ikaztegieta eta Alkizako herri eskolak, Abaltzisketako Txalburu eskola, Anoetako herri ikastola edo Amezketako Zumadi eskola. Aipaturiko hauetan gizaseme izenik ez, ez eta emakume izenik ere. Adierazgarria eta penagarria lagunok.


Hezkuntza etxetik hasten dela entzun ohi dugu sarritan, eta ni ados naiz ; ondoren eskolan segitzen du eta eskolatik kanpoko ekintzetan ere hezkuntzaz mintzo gaitezke. Zorionez aldatzen ari bada ere, aipaturiko etxeko hezkuntza emakumeen esku egon izan da mendeetan zehar, garai batean era kolektiboan, inguruan izaten baitziren amaz gain amona, izeba edo auzoko beste emakumeak ; ondoren, modu bakartiagoan ekin behar izan dio belaunaldi ezberdinetako emakumeak bere haurren zaintza eta hezkuntza lanari.
Amaren eskuetatik ume horiek maistra edo andereñoen eskuetara pasa izan ohi dira askotan. Nola ahaztu Euskal Herriko ikastolen sorrera ausart eta neketsuan emakumeek izandako garrantzi izugarria. Hala eta guztiz ere, emakume izenik ez dute jasotzen gure eskualdeko eskolek. Eskola horietako haurrek pentsa dezakete momentu batez, emakumeek ez dutela nahiko merezimendurik  horretarako…ai ama !.


Ez nuke bukatu nahi halere, berdintasun itxaropenari leiho bat ireki gabe. Izan ere, emakume izena hartu duten kaleak ezagutzen ari gara azken urteetan gure herrietan edo ta kulturarekin lotura zuzena duten eraikinak, Zizurkilen kokatua dagoen Placida Otaño liburutegia adibidez. Ea esperantza leiho horri, etxe bat eraikitzen diogun denon artean. Etxe bat, izenez betea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!