Kontsumi dezagun zuzenetik

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Barandiaran 2015eko maiatzaren 31

Gaur egun, gero eta gazte gutxiago geratzen da baserrian, batez ere, lanerako bada. Izan ere, egiaz ba ote dakigu zer sakrifizio eskatzen duen baserriko lanak? Eta hainbestean, oraingo teknologiekin; gure arbasoek pentsa ezinezko lanak egiten zituzten eta gustura, bizitzeko lain ateratzen zutenean.

Hala ere, oraindik, lanak zaila izaten jarraitzen du. Baserriko lanak ez du jai egunik, ez da makina baten aurrera joan eta zortzi ordu sartzea, ondoren kobratuko duzunaren itxaropenean, baserriko lana etengabea da, baserriko lana hori baino askoz gehiago da.

Nahiz eta baserriak zer nolako eragina duen ikusi euskal gizartean, gaur egungo erakunde ekonomikoek ez dute asko laguntzen hori aurrera bultzatzen. Baserritarrari huskeria bat ordaintzen zaio bere produktuengatik, benetan irabazten dutenak maioristak baino ez dira, eta gaur egun, ganadua duen baserri batek inbertsiorik egiten ez badu, ez du bizitzeko adina ematen.

Hemendik urte batzuetara baserria museo gisa erabiliko dugu eta ez dugu ahaztu behar baserriarekin batera, euskal kultura eta ohitura zaharrak bertan hilko direla, baserria baita hauen oinarri nagusia. Kontsumi dezagun beraz lurrak zuzenean emandakoa eta batez ere, lanean dabilen baserritarrak aurrera egin dezan, zuzenekotik kontsumi dezagun gu baikara azkenean, sektore honen sostengua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!