Dirurik gabeko zoriontasuna

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Barandiaran 2015ko api. 19a, 10:30

Egun bizi garen mundu materialistako kideok aberastasuna diruarekin lotu ohi dugu beti. Aurreko batean, ordea, irratian entzundako elkarrizketa batek, gai honen inguruan zer pentsatua eman zidan.

Mutil gazte bat zen protagonista, 30 urte ingurukoa. Metalgintzako lantegi batean postu finkoa zuen; zenbatek nahiko lukete, egun, lanbide finko bat izan… Baina gazteak egunero zortzi orduko lan hori atsegin ez eta dena utzi eta artisautzaren munduan murgiltzea pentsatu zuen: pilota-egile da egun. Kazetariei, kasua «arrarotzat» jo eta, elkarrizketa egiteko gai aproposa irudi zitzaien. Eta harriduraz, irrati esatariak halaxe galdetu zion:

- Orain, beraz, pilotak eginez aberasteko asmoa duzu?- Eta gazteak erantzun:

- Ni dagoeneko aberatsa naiz.- Esatariak, horrekin zer esan nahi zuen jakin gabe, irri artean galdetu zion:

- Eta hori?

- Orain aberatsa naiz, benetan nahi dudana eginez bizi naitekeelako. Gutxiagorekin, baina gustura eta pozik.

Irri bat eta poztasuna ezin dira erosi ezin dira lapurtu, eta aberatsenak pobreenari ere kendu ezinezko ondasunak dira. Egungo gizartean, gure buruarekin hausnartu eta daukagunarekin gustura egon beharrean, edo daukaguna gure gustuetara moldatzen saiatu beharrean, erabat ondokoari begira bizi gara: Begira zer nolako kotxea duen, nora joan den oporretara, nolako etxea duen… Eta noizbait galdegin al diogu buruari: Eta ni bezain gustura eta pozik bizi ote da ondoko hori?

Maizago egin beharko geniokeen galdera dela uste dut… Zoritxarrez, nire ustez, egun, dirudik gabeko aberastasun falta ikaragarria dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!