Erria txikota!

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Barandiaran 2014ko urriaren 12a

Urriaren 5a, gorriz jarrita genuen askok egutegian, ez ordea, igandea zelako soilik, Gipuzkoako ikastolen aldeko festa ospatzekoa zelako Orion.

Goizean goizetik eguraldiak asko lagundu ez bazuen ere, ekintzaz betetako eguna izan zen bertara gerturatu zirenentzat. Erria txikota lelopean, euren helburuak bete dituzte oriotarrek.

Oriotar finak izaki, leloa ere beren berea aukeratu dute, aproposa erabat. Erria txikota! esamoldea arrantzaleak, itsasora abiatu aurretik, lehorrean dagoenari egiten dion laguntza oihua da. Patroiak marinelei agindutakoa ere izan daiteke, txikota izeneko soka lodia mutilotik moilako burdin zatitik askatzeko deia, alegia. Antolatzaileek metafora gisa hartu dute leloa, euren iritziz, Ikastolako hezkuntza proiektua ere lotura guztietatik askatu beharra baitago.

Ni, nire aldetik, antolakuntzakoei zorionak eman beharrean nago, trafikoa, ibilbidea, zabor guneak, jai-guneen antolakuntza… aurrez lana gogotsu egina zegoenaren seinale nabarmenak zalantzarik gabe. Bestetik, oker ez banago, iaz sortu zen Ikastoletako gaztetxoen arteko Erronka proiektuari egin nahi diot aipamena. Zorionak, benetan, gaztetxoen desfaseari aurre egiteko sortutako proiektu hau sortu zutenei. Izugarria da, azken urte hauetan nola egin duen hobera horrelako jaietan nerabeen egoerak. Oraindik zer zuzendua badagoen arren, poliki-poliki aurrera goaz. Euskara ahora eraman, jan eta on eginez!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!