Opor giro honetan herritako jaiek izaten dute protagonismo berezia besteak beste. Sanjoanetan hasi eta sanmartinak bitarte bada zer eta non gozatua. Azken aste hauetan, esaterako, sanferminak izan dira hedabideetako hizpide nagusia, ez ordea festetako ospakizunen harira mintzatuz. Orain urtebete Iruñean gertatutakoak alarma gorriak piztu zituen han eta hemen, eta ez naiz ari arrantzaleek zabaldutako ikurrinaz, askori min handiagoa eman baitzien horrek hurrengo egunean neskak erdi biluzik mila esku gainean zituztela ikusteak baino. Noski, iaz aditzera eman ziren eraso sexistei buruz ari naiz.
1996an Negu Gorriak taldeak sortu zuen Sexu Makina abestiak argi dio: Sexu makina baino gehiago da, emakumea gizakia da. Gauza bakarra buruan badaukazu, panpin puzgarri bat har dezakezu!
Ia 20 urte beranduago, ordea, batzuek nonbait hori ulertzeko arazoak dituzte eta aurtengo sanferminetan kontrolak indartuko dituzte emakumeen aurkako erasorik egon ez dadin; egunero 750 foruzain ibiliko omen dira kaleetan segurtasuna bermatuz. Oraindik, beraz, badugu zer kontzientziaturik. Eraso sexista horiek, ordea, sanferminetara bakarrik mugatzen ote dira?
Ez sanferminetan eta ez inon, eraso sexistarik ez. Uda honetan, han edo hemen, sanferminetan edo beste edozein festetan, emakume zein gizon, ondo pasa pasatu gabe.