Gure esku-bidea delako

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Barandiaran 2014ko eka. 15a, 16:00

123 kilometro, 150.000 parte-hartzaile baino gehiago, 5 festa-gune garrantzitsu… zenbaki hutsak baino ez dirudite, baina astelehenean erregearen abdikazioari tokia kendu zieten zifra horiek hedabideetan.

Bai, Espainiako hedabide esanguratsuenetan ere izan du lekua Gure Esku Dago mobilizazioak. Batzuek era txukunean eman dute albistearen berri, ABCren ustez, ordea, 150.000 pertsona erabakitzeko eskubidearen alde batzea ez da zifra esanguratsua izan, honek bere artikuluan 2011ko azken hauteskundeetan EH Bilduk lortutako bozak hartu baititu kontuan (333.000). “Bildutar gutxiegi” euren ustez. Ez diet, baina, hedabide espainiarrek esandakoari erreferentzia gehiagorik egingo. Bertan bizi izandako bizipenak hartuko ditut aintzat.
Goizeko 10:00ak ingururako Tolosaldeko partaideak Beasain eta Lazkao arteko (57-60 kilometroak) bidera gerturatzen hasi ginen. 12:00ak bitarterako tartea, txarangek, trikitilariek eta txalapartariek goxatu zuten euren musikarekin. 12:00etarako, guztiak ilaran jarri eta elkarri eskua emanez, adar soinuek eman zieten hasiera mobilizazioari. Ordu erdian, Goierrialdea irrintzi doinuz eta olatuz bete zen. “Kolosala”, “historikoa”, “izugarria”, “hunkigarria” hitzek hartu zuten protagonismoa ekainaren 8ko giza-katean. Ni, onartu beharra daukat, etxera etorri eta irudiak ikustean oilo-ipurdia gainetik kendu ezinda egon nintzela.
Bada, festa giroan burututako lehen giza kate hau ez dadila sekula eten. Askok, hasiera baino ez dela izan diote… Argi geratu dena da, kolore eta pentsaera politiko desberdinetako 150.000 pertsonek baietz esan diotela erabakitzeko eskubideari, gure eskubidea delako eta gure esku dagoelako bidea egitea. Igandekoaren uzta, guk ezpada ere, gure ondorengoek jaso dezaten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!