Haurtzaroan, ideal horiek irreal samarrak izan ohi dira, fikziozko heroi edo telebistako super star horietakoak; nerabezaroan, aldiz, gure lagunen bat izan ohi dugu erreferentzia. Beraz, esan daiteke urteek aurrera egin ahala jarraipen bide ditugun horiek aldatuz joan ohi direla. Normalean, helduaroan, ama bihurtzen da gure jarraibide nagusi, bai, halaxe da. Generazioz generazio, zilbor hestea guztiz eten gabe, transmitituz doan zerbait da. Gaixo gaudenean, amak egiten zigun hartaz gogoratzen gara; seme-alaben heziketan amaren papera hartzen dugu, hark erakutsitakoa aintzat hartuz.
Gaur, beraz, amei eta amonei eskaini nahi diet artikulu hau, lana, denbora librea, haurren heziketa eta etxeko-lanak uztartzen dituzten emakume horiei guztiei. Aitek eta aitonek barkatuko didazue, baina emakume naizen aldetik hitz egin beharrean nago.
Ama eta amona asko dira denbora librean atzerriko hizkuntzaren bat ikasten, musika instrumenturen bat edota masterrak burutzen ari direnak. Horrez gain, horietako askok oinarrizkotzat jotzen dute egunero kirol pixka bat egitea. Eta hau guztia etxeko lanak, lotarako 7 orduak (7, bai, gehienek gehiagorako ez baitute izaten), laneko 8ak eta umeen zaintza eta heziketa tartekatuta. Zein da zuen sekretua? Bejondeizuela!
Haur batek esango lukeen moduan: amak, miretsi egiten zaituztet, nire heroiak zarete eta ama izaten naizenean zuek bezalakoa izan nahi dut!