Aterpean, eroso

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Barandiaran 2014ko otsailaren 9a

Azken aldi honetan euri eta euri ari du gurean. Urtarrila izanik eta Euskal Herriko klima kontuan hartuta ez da harritzekoa, baina gizakiok nahiago izaten dugu aterpean ibili, inon busti gabe. Ez naiz noski, bustitze literarioaz ari, gizakiok mundu eroso honetan hartzen dugun jarrera pasiboaz baizik.

Elkartasun garaiak aldatuz doazela iruditzen zait. Jakin badakigu gure inguruan mila arazo daudela: langabezia tasa altua, etxe-gabetzeak, pobrezia maila gero eta altuagoa, presoen dispertsioa, gaixotasun larrien ikerketari aurre egin ezina, eta abar. Jakin badakigu arazoak badaudela, baina euri tanta horiek gu zipriztindu ezean, kasu askotan behintzat, ez dugu behatzik mugitu ere egiten. Gupidatu bai, noski baietz, baina aurre egiten saiatzeak sortzen digun esfortzua handiegia da nonbait.

Oraingo honetan, bada Ibarran Oier izena duen mutiko baten eta bere gurasoen laguntza eskaria. Sanfilippo gaitza pairatzen du Oierrek eta gaixotasun honen ikerketan sakontzeko dirua behar dute. Antolatu dituzten ekimenen artean mugikorren bilketa dago. Artikulu hau irakurtzen ari zareten gehienok izango dituzue mugikor zaharrak etxeko txokoren batean gordeta hautsa hartzen, sekula gehiago balioko ez zutenaren ustean. Ordea, mugikor xahar horiek askorako balio dezakete oraingoan. Mugikorrak Alegiako eskolan, Tolosako Laskorain Ikastolan eta Amasa-Villabonako Malkar astialdi taldean utzi daitezke. Piztu zuen elkartasun zentzuak eta eraman zuen mugikorrak hauetako tokiren batera. Bustitzeak, noizean behin, merezi du eta!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!