Adibideak ematen hasiko naiz: San Balentin eguna. Zertarako ospatu behar ote du bikote batek «enamoratuen» eguna? Akaso egun horretan besteetan baino maiteminduago sentitzen delako?
Santu Guztien Egunak ere barruan halako sua pizten dit, eta egun hauek gustuko dituztenenganako errespetu guztiarekin diot. Urtetik urtera materialismo hutsean bihurtzen ari direla iruditzen zait, norgehiagoka batean. Hildakoen eguna ospatuz, hor joaten da asko eta asko hilerrira eskuan daraman erramuak aurpegia estaltzen diola, erramu hori hilobian utzi eta ondoren kanposantuari buelta eman besteek hilobietan zer jarri duten ikusiz. Hori bai, urtean behin. Deskuiduan askoren kasuan egun hori ospakizun ez balitz ez ginateke gogoratu ere egingo joan direnez.
Zalantzarik gabe, kontrako kasuak ere badira. Maitasun osoz hildakoari goratzar eginez zerbait ustez dotorea erosi eta hurrengo egunean falta izatea, baina hori beste kontu bat da.
Ados nago egunak errebindikatu beharrarekin, baina ez al zaizue iruditzen egun jakin hori ospatu eta hurrengo egunean, askotan, ahaztu egiten zaigula? Egun berri bat egunero hasten delako gogoratu ondoan daukazun horretaz, ondotik joan zaizunaz, zure hizkuntza maiteaz, amaz, aitaz, emakumeaz eta sudur puntan jartzen zaizun horretaz.