Gero eta maizago irakurri edota ikusten ditut Facebook edota Twitterren: gaur lehenik hau egin dut eta ondoren hau, pertsona honekin eta honekin; edo haur jaio berrien argazkiak; ezkondu berri den bikotearen ezkontzako ia album osoa…Garai batean giltza txikiz ixten ziren eguneroko haietako kontuak, erabat barnekoak, orain lau haizetara zabaltzeko ohitura bilakatu da. Eta noski, internet bidez komunikatzeak ondoren, lagun edo familia artean isilik egotera behartzen gaitu, esan beharrekoak sare sozialen bitartez esanda daudelako.
Gauza ederra da mahai inguruan lagun artean edo familian bildu eta kontu kontari aritzea norberaren istorio eta bizipenak kontatuz; maite dituzunekin eta benetan estimatzen dituzunekin, eta garrantzitsuena, estimatzen zaituztenekin.
Urtebetetzeekin ere gauza bera gertatzen da. Sare sozialik ez zen garaietan benetan zure egunaz oroitzen zirenek zoriontzen zintuzten; egun, ordea, kalean diosala justu-justu egiten dizuten horiek ere zoriondu egiten zaituzte, ordenagailuak esan diolako zure urtebetetzea dela, ez beste ezergatik.
Zalantzarik gabe, sare sozialak informazioa zabaltzeko tresna ezin hobeak dira, baina, ene ustez, informazioa eta barne-barneko kontuak bereiztea bezain oinarrizkoa dena atzean utzi dugu, teknologiak aurrea hartu digu, nonbait.