Auzolana oraindik indarrean

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Barandiaran 2013ko aza. 8a, 09:16

Garai bateko ohitura dirudien arren eta gaur egun bakoitza bere mundu berekoian murgilduta badabil ere, oraindik bada eskualdean auzolana indarrean mantentzen duenik.

Herri txiki edota auzoetako festen antolakuntzaren harira sortutako lan taldeak dira horren adibide. Samartiñak ate joka dauzkagun honetan eta ni lekuko izanik, hauei egin nahi nieke erreferentzia. Urte askoan, ohiturari jarraiki, bertako gazteek antolatu izan dituzte Samartiñak, udalaren eta etxe-laguntzaileen laguntza ekonomikoa eta herritarren borondate ona lagun. Ezin aipatu gabe utzi, urtero-urtero herri bazkari erraldoi hori prestatzen aritzen den Mazo koadrila.
Bada, egun, 16 eta 20 urte bitarteko hamabost gazte inguru aritzen gara Samartiñen antolakuntzan. Eta baten batek pentsatuko du: «Jesus, zer dute ba Amasako festek? Lau egun dira eta!» Askok uste baino lan gehiago izateaz gain, kontuan izan behar da antolakuntzako kide guztiak lanean edo ikasketetan buru-belarri gabiltzala, baina hori alde batera utzita, argi dagoena da gauzarik txikiena ere gogo eta ilusiorik gabe ezin dela lortu. Samartiñak, beraz, askoren nahiak asebetetze asmoz antolatzen dira. Gero etortzen dira esker onak edota kexak, baina ez da izango gazteon borondate edota ilusio faltagatik.
Auzolanak eta kasu honetan auzo edota herri txikietako festek, norberaren mundu berekoi horretatik irten eta elkarren artean eta elkarlanean gozatzeko aukera ematen dute. Beraz, zuk ere ilusio, freskotasun eta auzolan horren lekuko izan nahi baduzu, azaroaren 11tik 17ra bitartean zatoz Samartiñetara!I

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!