Etxean eta ikastolan, arrazoi faltarik gabe, betidanik esan izan digute heziketa egoki bat eskuratzeko etorkizunean lanpostu on bat izan dezagun. Adibide bikaina Xabier Leteren Gizon arruntaren koplak bertso sortan daukagu. Bertako bertso batek dioen bezala «ni lana egina naiz semiak hazteko, haiek eskola ona xuxen ikasteko, ikasi eta gero lanian hasteko, ez ditezela izan bazterrak nasteko».
Gutako asko eta askok egin ditugu, hiru, lau edota bost urteko karrerak, baita lanbide heziketako moduluren bat edo beste ere. Hiru urterekin ikastolan hasi eta 22rekin amaitu; ia mende laurdena ikasketetan murgilduta. Betiere, lanpostu on bat izateko helburuarekin. Bada, iritsi dira 22 urteak eta lanean hasteko beharrezko diploma eta titulu guztiak eskuartean ditugu, baina orain beharrezkoena dena falta zaigu, lana.
Beno, garai hobeak iritsiko direla pentsatu eta egoerara moldatu besterik ez dago. Aukeretako bat, lan bila jarraitzea da eta zerbait aurkitu bitartean trebakuntzan sakontzea. Hau da, ikasketak ordaintzeko lain ez bada ere, kapritxo txikiak ordaintzeko zerbait lortzea. Baina badirudi alde guztietatik trabak jarri nahi dizkigutela. Izan ere, egun, lanbide heziketan zein unibertsitatean %80ko asistentzia exijitzen dute, hots, ezin da klaseen %20a baino gehiago huts egin. Zail samarra beraz, lana eta ikasketak uztartzea.
Hori gutxi ez eta orain pare bat urte unibertsitaterako sarbide proben (selektibitatea) legedia aldatu egin zuten. Gaur egun azterketek 14 puntuko balioa dute lehengo 10 punturen gainetik. Beraz, unibertsitatera sartzeko bataz bestekoa 14 punturen arabera egiten dute. Zer gertatzen da honekin? Unibertsitate publikoetako karrera askotako plazak mugatuak direnez, sarbide proban bataz besteko altua eskuratu dutenek izaten dute karreran matrikulatzeko lehentasuna. Baina, noski, azterketa 14 puntutako balioaren mugan egin dutenen bataz bestekoa eta 10 puntutako balioarekin egin dutenena ez da alderagarria. Hori dela eta, azterketa lehengo legedian egindako askok selektibitatea berriz egin beharko lukete, bataz besteko hori altxa eta plaza mugatuak dituzten karreretan matrikulatu ahal izateko.
Oztopoak, ordea, ez dira hemen amaitzen. Orain, Wert hezkuntza ministro jaunak proposatutako LOMCE sistema dela eta, nork jakin gure ikasketak eta baita gure ondorengoenak ere, euskara hutsean egiteko aukerarik izango ote dugun? Nafarroan, behintzat, euskara bigarren mailako irakasgai bihurtuko da.
Lasai gazteok; ez etsi. Ikasketak lanpostu on bat lortzeko xedearekin egiten dira. Hori bai, gogoratu gure ondorengoek eskola ona ikasteko lan egin beharrean gaudela, beraz lasai. Gutxienez, hilean, 645€ izoztu irabaziko ditugu eta. Akaso, Espainiako Gobernuak urte hauetan zehar lapurtutako diru publikoarekin lagunduko digu egunen batean.